Gizartea -

Protesta abenduaren 20an

'Krisiaren errudunentzako zigorra' eskatuko du martxa batek Donostian

Pobrezia salatzeko manifestazio bat deitu dute Gipuzkoako sei plataformak. Deitzaileen hitzetan, krisiaren errudunak “bankariak, multinazionalak eta gobernu ustelak dira”.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Krisiak sortutako pobrezia eta desberdintasunak salatzeko abenduaren 20rako manifestazioa deitu dute Gipuzkoako sei plataformak. Era berean, “krisiaren errudunentzako zigorra” eskatuko du protestak. Herri plataformen ahotan, egoeraren errudunak “bankariak, multinazionalak eta gobernu ustelak dira”.

“Irtenbideak ditugu” eta “ahal dugu” lelopean protesta egingo dute herritarrek, hirugarren urtez jarraian. Manifestazioa Kaleratzeak Stop eta HMEI Stop Gipuzkoa plataformek, Duintasuna eta Gepes pentsiodunen eta jubilatuen elkarteek eta Zero Pobrezia eta Koordinadora Feminista kolektiboek deitu dute.

Herri plataformetako 30 bat kidek manifestazioa aurkeztu dute gaur Boulevardeko kioskoan. Protesta abenduaren 20an, larunbatean, bertatik abiatuko da eguerdian.

250.000 pertsona

Euskadin ia 250.000 pertsona “prekarietate egoeran” bizi direla ziurtatu dute Alex Oiartzabal eta Rosa Garcia plataformetako bozeramaileek. Horietatik, erdia baino gehiago “txiroak dira”, gaineratu dutenez.

Krisi ekonomikoak “jenderik gabeko etxeak eta etxerik gabeko jendea” egotea ekarri duela salatu dute. Guztia “etxegabetzeen, enkanteen eta hipoteka-maileguen erreferentzia indizearen (HMEI) iruzurraren” ondorioa dela erantsi dute. Gero eta pobrezia eta bazterketa sozial handiagoa ematen ari dela gogorarazi dute, baita familia ugariren pobrezia energetikoa deritzona ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Donostia argazkiak Albisteak Gipuzkoa