Gizartea -
Sorian
Emakume bat larri, bikotekide ohiak labankadak eman ostean
Azaroan atxilotu zuten, emakumeak salaketa aurkeztu ondoren.
Erredakzioa
24 urteko emakume bat larri dago bikotekide ohiak emandako labankaden ondorioz. Hondurasko jatorria duen 36 urteko gizonezkoak errumaniar jatorriko emakumeari atzo eraso zion, Soriako Almazan herrian. Ikerketaren arduradunek jakitera eman dutenez, emakumea erietxean dago, zaintza berezietako unitatean, larri.
Horren berri jasotakoan, Guardia Zibilak erasotzailea bilatzeari ekin dio. Haren furgoneta udalerrian aurkitu dute, eta ikerlariek uste dute beste garraiobide bat erabili duela ihes egiteko. Gizona azaroan ere atxilotu zuten, emakumeak salaketa aurkeztu ondoren.
Gizonezkoak atzo arratsaldeko zazpiak eta laurdenean eraso omen zion bikotekide ohiari, Almazan udalerriko Tirso de Molina kalean. Emakumea etxera zihoala, bikotekide ohia atzetik joan zitzaion eta bi labankada eman zizkion bizkarrean. Horietako batek birika zulatu zion. Emakumea bere burua babesten saiatu zen, eta beste zauri batzuk jaso zituen. Larrialdi zerbitzuek osasun-zentrora eraman zuten emakumea, baina erietxera eraman behar izan zuten, ondoren, zauri larriak baitzituen.