Gizartea -
Molina de Seguran (Murtzia)
Bi emakume etxegabetu dituzte mailegu-emaile batekin zorra izateagatik
Emakumeek 22.000 euroko zorra zuten, % 25eko interesean, mailegu-emaile batekin, etxegabetzeen aurkako plataformak (PAH) jakitera eman duenez.
Erredakzioa
60 urte inguruko bi emakume etxegabetu dituzte goizaldean Murtziako Molina de Segura udalerrian. Emakumeek 22.000 euroko zorra zuten, % 25eko interesean, mailegu-emaile batekin, etxegabetzeen aurkako plataformak (PAH) jakitera eman duenez.
Polizia Nazionalaren bost furgoneta Atenza kaleko 11. zenbakira joan dira goizeko sei eta erdietan. Bertan zeuden PAH plataformako bost kideek ezin izan dute ezer egin, eta etxegabetzea azkar eta indarkeriarik gabe egin dute.
Joaquin Sanchez etxegabetzeen aurkako plataformako kideak adierazi duenez, mailegu-emailearen atzean iruzurra egon liteke. “Eskualde mailako egunkari batean kreditu azkarrak iragartzen zituen mailegu-emaile horrek. Murtziako hainbat bizilagunek eskatu dituzte; besteak beste, Isabelek. Ikusmen arazoengatik, ezin izan zuen kontratuko letra txikia irakurri”, adierazi du Sanchezek.
PAH plataformaren arabera, mailegu-emaile horrek berak bultzatu zuen Javali udalerriko etxegabetzea.
Isabel eta Fuensanta, gaur etxegabetu dituzten bi pentsiodunak, lagun baten etxera eraman dituzte. PAH plataforma Molinako alkatearekin bilduko da, bi pentsiodun horientzat konponbide bat bilatzeko.