Gizartea -
Ekimena
EAEn diskriminazioaren aurka borrokatzeko sare bat aurkeztu dute
Tratuaren Berdintasunerako eta ez Diskriminaziorako Sarea du izena ekimenak; hamabi erakunde eta elkarteren partaidetza du eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu du.
Erredakzioa
Etorkinen, ijitoen eta sexu-aukera desberdinak dituzten lagunen integrazio sozialaren alde lan egiten duten hamabi erakunde eta elkartek sare bat sortu dute, kolektibo horiek pairatzen duten diskriminazioaren aurkako borroka indartzeko asmoarekin.
Tratuaren Berdintasunerako eta ez Diskriminaziorako Sarea du izena ekimenak, Eusko Jaurlaritzak bultzatua da eta ostiral honetan aurkeztu dute Bilbon. Juan Maria Aburto Gizarte Politiken sailburua eta sarea osatzen duten erakundeen ordezkariak bertan egon dira.
Aburtok zehaztu duenez, sarean dauden hamabi erakundeetako arduradunek bilerak egin dituzte azken urtebetean, ekimena gauzatu aurretik. Hauek dira erakunde eta elkarte horiek: Cear Euskadi, Gurutze Gorria, Cite-CCOO, Ehgam, Gehitu, Kale dor Kayiko, Nevipen, SOS Arrazakeria, Errespetuz, Gao Lacho Drom, Aldarte eta Agifugi.
"Gaur egun, diskriminazioko kasuak daudela ikusten dugu"
Parte hartzen duten erakundeen ordezkariek adierazi dutenez, gaur egun "diskriminazioko kasuak daudela ikusten dugu", sarea osatzen duten kolektiboetako herritarren aurka. Juan Maria Aburto sailburuak, bere aldetik, azaldu du sarearen helburua erakunde bakoitzak eskainiko dituen gizarte-baliabideak kudeatzea optimizatzea izango dela; horrela, ahal den neurrian, arlo honetan jazo ahal diren bikoiztasunak minimizatu ahal izango dituzte.
Aburtok zuzendutako sailak baliabide ekonomikoak jarriko ditu (80.000 euro, hain zuzen ere, 2015ean) eta arlo teknikoan eta kudeaketan ere emango du laguntza. Sailburuak argi utzi nahi izan du sarea ez dutela sortu Javier Maroto Gasteizko alkateak abiatutako polemikaren harira -etorkin magrebtarrek jasotzen duten laguntzen inguruan-; izan ere, egingo duten lana ez dute "inoren aurka egingo", baizik eta "pertsonen alde".