Gizartea -

Iragarpena

Hotz handia eta oskarbi Gabon Zahar eta Urte Berri egunetan

Izotza edonon agertuko da, bai barnealdean, bai kostaldean, eta joerak berdintsu jarraituko du datorren asteburura arte. Giro hotza, baina atsegina.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez, zerua oskarbi izango eta tenperatura baxuak izango ditugu Gabon Zahar eta Urte Berri egunetan.

Erakundearen iragarpenaren arabera, antizikloi handi bat Frantziako sortaldean nagusituko da eta, egunez egun, Europako erdigunerantz abiatuko da. Hala, presio handien eraginez, ez da euririk izango, baina bai, ordea, helduko da Europatik datorren haize hotza. Egoerak bere horretan jarraituko du datorren asteburura arte.

Halere, ohartarazi dutenez, nahiz eta giro atsegina nagusi izango den, muinetan tenperaturak 0 graduren bueltan ibiliko dira; hori, 15 km/h inguruko haizearekin batera, sentsazioa 7-9 gradu zero azpitik ibiliko da.

Gabon Zaharra

Gabon Zahar egunean eguraldiak aipatutako joerari eutsiko dio, hori dela eta, egunsentian hotz handia izango dugu, bereziki barnealdean, baina baliteke izotza edonon agertzea, baita kostaldean ere.

Barnealdeko zenbait puntutan, tenperaturak 5 gradukoak -zero azpitik- izan litezke, are baxuagoak mendiguneetan.

Egun eguzkitsua izango dugu, oro har, oskarbi mantenduko da zerua, eta tenperatura maximoak goranzko joera hartuko dute, barnealdean 5-7 graduren eta kostaldean 9-10 graduren bueltan ibilita.

Urte Berri

Urte Berri egunean, halaber, eguraldia bere horretan mantenduko da, lehenengo orduetan tenperatura hotzekin, eguerdian epeltsuago, eta zerua oskarbi mantenduta, orokorrean.

Maximoek apur bat gora egingo dute, eta minimoak berdintsuak izango dira. Haizeak sortaldetik joko du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia Bilbao