Gizartea -
Ekitaldi ofiziala
Gernikako Arbola berria, bere tokian sustraiak botatzen dagoeneko
Lehendakaria buru zen ekitaldi batean, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkari ugari izan da.
EITB.EUS
Iñigo Urkullu lehendakaria buru zen ekitaldi batean, Gernikako Arbola berria landatu dute gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusien kanpoaldean.
EAEko erakundeetako ordezkari nagusiak izan dira arbola landatzeko ekitaldian: Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarraren presidentea eta Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea, besteak beste. Horiekin batera, Jose Antonio Ardanza eta Patxi Lopez lehendakariak, Juan Antonio Zarate eta Lohitzune Txarola Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea ere izan dira. Gainera, alderdi politikoen aldetik, EAJko Andoni Ortuzar eta Itxaso Atutxa; EH Bilduko Josu Manuel Unanue eta Julen Calzada, Jose Antonio Pastor eta Mikel Torres sozialistak; eta Anton Damborenean eta Nerea Llanos popularrak.
13:00 baino lehentxeago, lehendakaria, Madariaga, Tejeria, Bilbao eta Gorroño hesiaren barruan sartu dira, zuhaitz berria dagoen lekuan. Lekualdaketa akta sinatu ostean, dokumentua kutxa batean sartu dute ikurriñarekin, txanpon batzuekin eta eguneko egunkari batzuekin batera, tradizioak agintzen duen legez, eta kutxa Arbolaren sustraien ondoan utzi dute.
Lehendakaria izan da lehenengo lur palakada bota duena, eta atzetik jarraitu diote Bizkaiko Batzar Nagusien presidenteak, Bizkaiko ahaldun nagusiak, Legebiltzarreko presidenteak eta Gernikako alkateak.
Xabier Euskitzek zuzendu du ekitaldia, eta bertan izan dira Bilboko Beti Jai Alai dantza taldea eta Gaudeamus Gernikako abesbatza. Hala, Ohorezko Aurreskua eta Iparragirrek konposatutako 'Gernikako Arbola' abestia izan dira protagonista. Ekitaldia amaitzeko berriz, 'Eusko Abendaren ereserkia' jarri dute.
Zuhaitz berria
Zuhaitz berria aurrekoaren anaia da, eta jatorrizkoaren ondorengoa. 2000n jaioa, aurrekoaren ezkur batetik hazi da. 2005eko otsailaren 25ean aldatutakoaren anaia da, 1858tik Gernikan zegoenarena, eta bonbardaketari aurre egin zionarena, alegia.
Batzar Nagusietan jarri aurretik, azken urteak Arratiako baso batean egon da. Bi urtera arte haztegi batean egon zen.
Zuhaitza metro batzuk aldendu dute lehen zegoen tokitik, sustraiek arazo gutxiago izan ditzaten zabaltzeko.