Gizartea -
Donostiako gotzaina
Eutsi Berrituz kristau-taldeak Munillaren lana kritikatu du
Gotzainak azken bost urteetan egindako lana kritikatuz oharra kaleratu du kristau-taldeak. Gipuzkoako Elizan “banaketa” eragin izana egozten dio elkarteak gotzainari.
EITB.EUS
EUTSI BERRITUZ Gipuzkoako kristau-taldea arduratuta agertu da Jose Ignacio Munilla gotzainak azken bost urteetan izan duen eginkizun pastoralarekin. Taldearen aburuz, “azken urteetan giro gaixoti, arraro eta etena garatu da eta bi sentiberatasun pastoral guztiz ezberdin sortu dira”. “Gotzainaren ekintzak eta pentsamendua Francisco aita santuaren ikuspegitik urrun daude”, gaineratu du.
Oharra kaleratu du taldeak goizean eta Jose Ignacio Munillak azken bost urteetan Donostiako gotzain moduan egindako lana hizpide izan du. Munillaren izendapena bera ere kritikatu du kristau-taldeak. “Espainiako Elizako arduradunek uste zuen Gipuzkoako elizbarrutia politizatuegia zegoela eta arrunt nazionalista zela”, adierazi dute.
EUTSI BERRITUZek dionez, “Munillaren jarduera eliz ikuspegi piramidal eta autoritario baten ondorio da”. “Gure elizbarrutiaren jabe bakarra bailitzan jokatzen du”, dio oharrak.
Adibide moduan jarri dute berarekin kritiko diren apaizekiko, erlijiosoekiko eta laikoekiko gotzainak hartuta jarrera.
Munillaren “gotzain-irakaspen pobrea” ere salatu dute eta “gure herriaren kultura eta sentierarekin sintoniarik ez duela” uste dute. Kritiken artean jaso dute baita ere “programa pastoralak burutzeko eta gauzatzeko izan duen modu esklusiboa”. Azkenik, Gipuzkoan elizbarrutiarekin batera modu partekatuan egiten ari zen Eraberritze Pastoralaren inguruan ezer egin ez izana leporatu diote Munillari.
Egoeraren aurrean EUTSI BERRITUZ elkarteak “Francisco aita santuak hasi duen eta eragiten ari den eliz erreforma Gipuzkoako elizbarrutira heltzea” espero du. “Orduan berreskuratuko baita sintoniaren eta elkartasunaren giroa”, amaitu du.