Gizartea -
Osasuna
Frantziak agiri medikoa eskatuko die modeloei, anorexia saihesteko
"Argalegi" dauden emakumeak kontratatzen dituzten disenatzaileei espetxe zigorra ezar liezaiekete.
Erredakzioa
Frantziako Gobernuak agiri medikoa eskatuko die modeloei, anorexia ez dutela ziurta dezaten. Diputatu sozialista batek egin du proposamena, eta Marisol Touraine Osasun ministroak babesa agertu dio.
"Manikiak ondo elikatu behar direla eta osasuna zaindu behar dutela adierazi nahi dugu [neurri honekin]", esan du Tourainek RMC eta BFM TV kateetan egindako elkarrizketan.
Helburua da moda diseinatzaileek argalegi dauden emakumezkoak ez kontratatzea, anorexia ez sustatzeko.
Hori horrela, Olivier Veran diputatu sozialistak bi zuzenketa aurkeztuko ditu gaur osasun sistema erreformatzeko lege batean. Lehenengoan jasotakoaren arabera, aurrerantzean ziurtagiri medikoa eskatuko diete modeloei. Agentziek baldintza hori betetzen ez badute, erantzuleei sei hilabete arteko espetxe zigorra eta 75.000 euro arteko isunak ezarriko dizkiete.
Veranek Osasun Ministerioaren esku utziko du "argalegi" egotea zer den zehaztea, baina, Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, muga 18,5eko gorputz masa izatea dela gogorarazi du.
MOEren esanetan, 17ko gorputz masa dutenek desnutrizio larria dute, eta 16tik beherakoak goseak daude.
Diputatu sozialistaren bigarren zuzenketak anorexia sustatzea delitu bihurtzea proposatzen du. Bereziki, gutxi jateko deia egiten duten webguneei begira diseinatu du neurri hori.
Veranek azaldu duenez, Frantzian 30.000-40.000 pertsonak dute anorexia.