Gizartea -
Polizia operazioa
Enpresa txiki eta ertainei iruzur egiten zien sare bat desegin dute
'Antilope' operazioan, 10 pertsona atxilotu eta beste 19 lagun inputatu dituzte Coruñan eta Madrilen.
Erredakzioa
Enpresa txiki eta ertainei 1.200.000 euroko iruzurra egin dien sare bat desegin du Guardia Zibilak. Antza denez, sareak kreditu faltsuak ematen zizkien enpresei. "Antilope" operazioan, hamar pertsona atxilotu eta beste hemeretzi inputatu dituzte Coruñan eta Madrilen.
Kreditu Ofizialeko Institutuaren kredituak eskaintzen zizkien sareak enpresa txiki eta ertainei, baina biktimek ez zuten inoiz dirua eskuratzen. Hori dela eta, erakunde kriminaleko kide izatea eta iruzur egitea leporatzen diete inputatuei.
Sareak kredituak jasoko zituztela esaten zien biktimei, eta 900 eta 1.900 euro artean eskatzen zizkien aholkularitza zein kudeaketa gastuei aurre egiteko.
Aipaturiko sareak Espainia osoan egiten zuen lan, eta biktimak internet bitartez erakartzen zituen, Guardia Zibilak jakinarazi duenez.
Poliziak 178 biktima antzeman ditu oraingoz, baina ikertzaileen arabera, biktima gehiago egon daitezke oraindik.
Polizia operazioan Oviedoko eta Coruñako agenteek parte hartu dute.