Gizartea -

Adierazpen bateratua

Hainbat erlijiotako ordezkariak eta Jaurlaritza, tolerantziaren alde

Iñigo Urkullu lehendakariak eta 11 buruzagi erlijiosok adierazpen bateratua sinatu dute.

Erlijioen arteko bizikidetza sustatu nahian adierazpena sinatu dute

1:28

D.P. | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tunisiako atentatuen ondoren, Iñigo Urkullu lehendakariak eta hainbat erlijiotako ordezkariek tolerantziaren aldeko adierazpen bateratua sinatu dute ostiral honetan.

Hain zuzen ere, erlijio katolikoaren, musulmanaren, ebanjelikoaren eta ortodoxoaren ordezkariak, Jehovaren lekukoak eta mormoiak izan dira bileran. Jaurlaritzaren aldetik, lehendakariak ez ezik, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak ere hartu dute parte.

Bileraren ostean, Urkulluk agerraldia egin du, eta "bizikidetzan aurrera egiteko" hiru balio behar direla azpimarratu du: "segurtasuna, elkartasuna eta hezkuntza".

Jaurlaritzak erlijioen arteko bizikidetza sustatzeko politika publikoak aholkatzeko txosten bat egitea eskatu die Ellacuria Fundazioari eta Giza Eskubideen Deustuko Unibertsitateko Institutuari.

Aditu-talde horiek Euskadin dauden sentsibilitate erlijiosoekin hitz egiten egingo dute ikerketa, eta ondorioak azaroan aurkeztuko dituzte.

Urkulluk eta ordezkari erlijiosoek gaitzetsi egin dute Tunisiako atentatua, eta elkartasuna adierazi diete biktimei.

Horien esanetan, "inspirazio erlijiosoa duen fanatismo bortitza, arrazakeria, talde erlijiosoak jazartzea eta islamofobia giza eskubideen aurkakoak dira".

Gainera, segurtasuna eta askatasuna ez direla "balio kontrajarriak" nabarmendu dute. "Balio bakarra osatzen dute, eta gizarte demokratiko aurreratua eraikitzeko lanabesa dira", gaineratu dute.

Horren ildotik, hezkuntza "balio estrategikoena" dela goratu dute, giza duintasuna oinarri duen aniztasuna gizarteratzearen gakoa izan dadin.

Testuinguru honetan, Jaurlaritzak berretsi du herritar guztiek kontzientzia askatasuna dutela, eta erlijio askatasuna "Giza Eskubideen nazioarteko itun eta hitzarmen guztietan unibertsalki aitortutako giza eskubideetako bat" dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu biografia Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak