Gizartea -
Istripua Frantzian
Frantzia, Alemania eta Espainia elkarturik, abioi istripuaren aurrean
Hollandek "ezbeharraren inguruko guztia" argituko dutela hitz eman du, eta Rajoyk eta Merkelek elkarlanerako apustua berretsi dute.
Erredakzioa
Frantziako, Alemaniako eta Espainiako agintari nagusiek agerraldia egin dute gaur, 150 hildako eragin dituen hegazkin istripuaren aurrean elkarlanean arituko direla erakusteko.
François Hollande Frantziako presidenteak iragarri du hegazkinaren bigarren kutxa beltzaren estalkia aurkitu dutela, baina barrukoa ez, eta bilatzen jarraitzen dutela.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin eta Angela Merkel Alemaniako kantzillerrarekin batera emandako prentsaurreko batean, Hollandek hitz eman du "ezbeharraren inguruko guztia" argituko dutela. Gainera, Bartzelonatik Düsseldorfera zihoan hegazkinean 15 nazionalitateko 150 bidaiari zihoazela jakinarazi du.
Hollandek pazientzia eskatu du, kutxa beltzen azterketa "zaila" delako, eta ezbeharra gertatu zen lekuan bigarren kutxa beltza aurkitzeko lanean dihardutela berretsi du.
"Zer gertatu zen ulertu behar dugu, familiei eta kaltetutako herrialdeei zor diegu. Frantziak dituen baliabide garrantzitsuenak bideratu ditu guztia jakin dezagun. Zoritxarrez, esperientzia dugu kontu hauetan", gaineratu du presidente frantziarrak.
Bestalde, Rajoyk argi adierazi nahi izan du "elkarrekin" lan egiteko konpromisoa dutela, biktimak lehenbailehen erreskatatzeko eta senideak artatzeko.
"Elkartasunez jokatuko dugun hiru pertsona gaude hemen, elkarlanean arituko gara eta elkarrekin ikertuko dugu, europarrok garen heinean, baina gizakiak garelako batez ere", adierazi du Rajoyk erreskate operazioa kudeatzeko gunea bisitatu ostean.
Alemaniako kantzillerak, berriz, hiru estatuek "min bera partekatzen" dutela azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkio Frantziari gertatutakoa argitzeko baliabide guztiak abian jartzeagatik.
Merkelek aitortu du "une zailak" bizi dituztela, baina ezbeharraren nondik norakoak argituko direla.
Agerraldiaren aurretik, Hollande, Rajoy eta Merkel Seyne-les-Alpesen jarritako hil-kaperan egon dira, lanean dihardutenak agurtzeko asmoz.