Gizartea -
Eguneko albisteak
Martxoaren 30eko albisteak
Astelehen honetako bost albiste nagusien bilduma.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
2017ra arte!
Bilbon eman zituen azken kilometroak euskararen aldeko 19. Korrikak. Azkena AEK-ko kideek egin zuten, eta Areatzan milaka euskaltzale izan zituzten zain. 11 egunetan 2.500 kilometro egin dituen lekukoaren barruan gordeta egon den mezua Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak irakurri zuen. Euskararen erabileraren garrantzia azpimarratu zuen Agirrek, eta euskara ahotan erabiltzeko deia egin zien Areatzan bildutakoei. "Jauzi egitea da kontua, euskarak plazara atera behar du", nabarmendu zuen kazetariak.
Zentro-eskuina garaile, Ipar Euskal Herrian
Zentro-eskuinak irabazi ditu Ipar Euskal Herriko departamendu hauteskundeak. Hain justu, 12 kantonamenduetatik 8tan gailendu da. Eserleku kopuruari dagokionez, 24tik 16 erdietsi ditu. Alderdi Sozialista hiru kantonamendutan nagusitu da: bi Baionan eta bestea Hendaian. EH Baik Aturri-Errobin irabazi du. Lehen datuen arabera, Nicolas Sarzozy buru duen zentro-eskuina aliantza Frantziako Estatuaren 100 departamenduetatik 70etan gailendu da. Sarkozy pozik agertu da bart erdietsitako emaitzekin.
Zer zuen Andreas Lubitz kopilotuak?
Gaur emango du jakitera Dusseldorfeko Fiskaltzak Alpeetan "nahita" amildu zuen Airbus 320 hegazkinaren kopilotuaren mediku txostena. 150 bidaiari zeraman Germanwings konpainiako hegazkina erortzeko maniobra abiatu zuen Andreas Lubitzek asteartean. Asteburuan filtratu denez, antsietateak jota zegoen, eta erretina-askatzea izan zuen. Enpresak gaixotasun horien berri ote zuen argitu behar dute orain. Bestalde, 150 biktimetako 78ren DNA atzeman dute jada. Senitartekoek emandako laginekin alderatu behar dituzte, identifikazio lanetan aurrera egiteko.
Lan istripuak Noainen eta Erandion
Lan ezbeharrak protagonista izan dira asteburuan. Noainen (Nafarroa), 49 urteko behargin bat hil da astelehen honetan, larunbatean buruan kolpe bat jaso eta gero. Ezbeharra jazo zen unetik garun-heriotza egoeran egon da, astelehen honetan zendu den arte. Erandion (Bizkaia) jazo zen bestea, atzo. Bost langile zauritu ziren Befesa enpresak bertan duen lantegian. Labeetako batek eztanda egin zuen, eta leherketak bete-betean harrapatu zuen horietako bat (gorputzaren % 80 du erreta). Gainerako laurak arin zauritu ziren.
Erandioko Befesa enpresa. Argazkia: EITB
Inauguratzeko azken eguna
Euren proiektu izarrak inauguratzeko azken aukera dute gaur ministroek, autonomietako presidenteek, alkateek eta gainerako agintariek. Izan ere, 2011n Hauteskundeen Erregimen Orokorraren Lege Organikoaren erreforma egin zenetik ezin da halako ekitaldirik egin udal eta foru hauteskundeak egin baino bi hilabete lehenago.
Hori horrela, hauteskunde aurretik azpiegitura edo lanen bat inauguratzeko azken eguna gaurkoa dute agintariek. Bihartik, lanak hasi daitezke, bai, baina politikariek ezingo dute inaugurazio publikorik egin.