Gizartea -
Ecrins mendigunean
Elur-jausi batek hiru pertsona hil ditu Frantziako Alpeetan
Beste lagun bat oso larri zauritu du elurrausoak. Elur-jausiak Austriako hamar eskiatzaile eta haien bide-erakuslea ezustean harrapatu ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Elur-jausi batek hiru pertsona hil ditu gaur Frantziako Alpeetan, Alpe Garaietako prefetak jakitera eman duenez. Laugarren pertsona bat egoera kritikoan dagoela gaineratu dute iturriek.
Elurrausoa 13:00ak aldera gertatu da Ecrins mendigunean. Iturrien arabera, elur-jausiak hamar bat pertsona harrapatu ditu.
Ezbeharra 3.000 metroko altitudean gertatu da. Elur-jausiak hamar eskiatzaile atzerritar eta haien bide-erakuslea ezustean harrapatu ditu.
Baieztapen ofizialaren zain, biktimak austriarrak direla adierazi du Christian Flagella Jendarmeriako koronelak BFM TV telebistan.
Elurrauso arriskua hirugarren maila batean zegoen gaur (guztira bost maila dira), baina haizeak gogor astindu du zonaldea azken egunetan, Flagellak adierazi duenez. Haizeak elurra tokiz aldatu eta arriskua areagotu du.
Elurrausoak lau eskiatzaile soilik harrapatu ditu, koronelak erantsi duenez. Oso larri dagoen eskiatzailea Grenobleko ospitalera eraman dute helikopteroan.
Erreskate operazioan hiru helikopterok, 30 suhiltzailek eta Jendarmeriako 30 kidek parte hartu dute.