Gizartea -
Drogaren kontrako operazioa
Donostialdean droga banatzen zuen talde bat desegin dute
Zortzi pertsona atxilotu dituzte Donostian, Hernanin eta Leganesen. Ertzaintzak jakitera eman duenez, kokaina eta beste droga mota batzuk atzeman dituzte operazioan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostialdean droga banatzen zuen talde bat desegin du Ertzaintzak. Zortzi lagun atxilotu dituzte Donostian, Hernanin eta Leganesen. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, atxilotu dituzten horiek sare bat osatzen zuten, droga erosi eta ondoren banatzeko, Gipuzkoako hiriburuan eta inguruetan bereziki.
Otsailaren 25ean egin ziren operazio honekin lotutako lehendabiziko atxiloketak. 40 urteko gizonezko bat eta 39 urteko emakumezko bat atxilotu zituen Ertzaintzak orduan Donostian. Egun horretan bertan, Leganesen, 47 eta 20 urteko bi gizonezko hartu zituen atxilo Guardia Zibilak.
Martxoaren 20an beste hiru lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Donostian, 50 eta 36 urteko bi gizonezko eta 41 urteko emakumezko bat. Ikerketaren arduradunek zabaldu dutenez, Donostia inguruko jatetxe batean substantzia estupefazienteak saltzera zihoazen atxilotu zituztenean.
Azkenik, martxoaren 30ean, 36 urteko gizon bat hartu zuten preso Hernanin.
Drogaren aurkako operazio honetan, Ertzaintzak 721 kilo kokaina, 50 gramo anfetamina, 325 kilo haxix eta 8 kilo marihuana atzeman ditu, besteak beste. Horrez gain, drogak pisatzeko balantzak, substantziak dositan banatzeko osagaiak, 14.500 euro dirutan, sakelako hainbat telefono eta bi ibilgailu atzeman dizkiete atxilotutakoei.