Gizartea -

Greba Frantzian

13 hegaldi bertan behera Loiun, aire kontrolatzaileen grebagatik

Gainera, Biarritzetik Pariserako zortzi hegaldi gelditu dira bertan behera eta baita Dublinera eta Londresera joan behar zuten bi hegaldi ere.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako aireportuetako aire kontrolatzaileen sindikatuek deitutako grebaren ondorioz, 13 hegaldi bertan behera gelditu dira Loiuko aireportuan, Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak (AENA) emandako datuen arabera. Gainera, aipaturiko grebak Biarritzeko aireportuan ere eragina izan du, eta Biarritzetik Pariserako 8 hegaldi eta Dublinera eta Londresera joan behar zuten bi hegaldi ere bertan behera gelditu dira.

Funtzio publikoaren defentsa egitea eta liberalizazioa bultzatzen duen Macron legea salatzea du helburu lanuzteak.

Vueling konpainiak 40 hegaldi utzi ditu bertan behera

Vueling konpainiak 40 hegaldi bertan behera utzi ditu gaur Frantziako aireportuetako aire kontrolatzaileen sindikatuek deitu duten bigarren greba eguna dela eta. Horren eraginez, murrizketak izan dira konpainien ohiko operatiboan.

Aireportura abiatu aurretik, hegaldien egoeraren berri Vuelingen webgunean egiaztatzea aholkatu die Vuelingek bidaiariei.

Enpresak azaldu duenez, kaltedunek beren hegazkin-txartela doan aldatzeko aukera izango dute. Hala, aurreko edota hurrengo hegaldia hartzea eskainiko zaie.

Hegaldien erdiak bertan behera Frantzian

Aire kontrolatzaileen grebaren ondorioz, Frantzian gaurko programatuta zeuden hegaldien erdiak bertan behera gelditu dira, Frantziako Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi duenez.

Frantziako Kontrolatzaileen sindikatuak negoziazioa ireki nahi du langileen lan-baldintzak eztabaidatzeko; lan-antolaketa edota lanean jarduteko gehienezko adina, esaterako. Horiek salatu dutenez, gehiegizko lanari, trafikoaren konplexutasunari eta dentsitateari aurre egin behar diete langileek.

Ohar batean sindikatuak adierazi du gehiegizko lanak ondorioak izan ditzakeela eta kontrolatzaileek segurtasunez eta erregulartasunez hegaldiak maneiatzeko duten gaitasunari eragiten diola.

Sindikatuaren arabera, Euopa Mendebaldean, Frantzian bakarrik egiten dute lan aire kontrolatzaileek 59 urte bete arte.

Kontrolatzaileen greba atzo goizeko seietan hasi zen eta bihar goizeko seiak arte iraungo du. Ondorioz, atzerapenak edota aldaketak egon daitezke hegaldietan. Hori dela eta, hegaldien egoera egiaztatzea aholkatu diete hegazkin konpainiek erabiltzaileei.

AENAko telefonoa: 902 404 704.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Loiuko Aireportua Grebak albisteak Biarritz