Gizartea -

Gertakaria

Adingabe batek irakasle bat hil du Bartzelonan

13 urteko gazteak etxean egindako balezta batekin eta laban batekin eraso die bost laguni: lau, arin zauritu ditu. Mossoek identifikatu egin dute.

Joan Fuster institutuan jazo dira gertakariak. EFE
Joan Fuster institutuan jazo dira gertakariak. EFE
Bartzelonako erasotzaileak bazekien nori eraso eta nori ez

2:05

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

13 urteko gazte batek irakasle bat hil eta lau lagun zauritu ditu Bartzelonako institutu batean, etxean egindako balezta batekin eta laban batekin eraso egin eta gero.

Gertakaria 09:00ak aldera jazo da Joan Fuster La Sagrera auzoan dagoen institutuan, ikerketako iturriek jakinarazi dutenez. Larrialdi Zerbitzuak berehala bertaratu dira.

Esquadrako Mossoek institututik gertu dagoen plaza batean identifikatu (14 urte beherakoa denez, ezin dute atxilotu) eta institutu barruan dute, zaintzapean.

Astelehen honetan guardian zegoen Bartzelonako 24. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak izapideak abiatu ditu eta Adingabeen Legea aplikatu du. Hala, adingabeen fiskaltzak eta epaileak izango dute azken hitza. Aurrez, aditu talde batek mutikoaren egoera aztertuko du, adingabea eta haren familia elkarrizketatu ostean.

Horren harira, gaztea psikiatria ospitale batera eraman dute bere osasun egoera aztertzeko. Bestalde, Irene Rigau Hezkuntza kontseilariak esan du 13 urteko mutikoak nahastuta zuela burua, eta ziurrenik agerraldi psikotiko bat izan dela.

Irakasle bat zauritu du aurrena

DBHko 2. mailako ikaslea berandu heldu da ikasgelara. Atera deitu du, eta Gaztelerako irakasleak atea zabaldu dionean, etxean egindako baleztarekin tiro egin dio adingabeak. Ondoren, irakaslearen alaba zen beste ikasle bati eraso dio.

Oihuak entzutean, ondoko gelako irakasle bat bertaratu da eta honi zeraman labanarekin eraso dio gazteak. Bigarren irakasle honek zauria zuen bularraldean eta handik gutxira hil da. Adingabea beste ikasgela batera sartu da eta beste ikasle bati eraso dio labanarekin.

Mutikoak molotov koktel bat ere atera du motxilatik, eta eztandarazi egingo zuela mehatxu egin du.

Hildakoak bi aste zeramatzan Historiako irakasle, beste baten ordezkapena egiten.

Laugarren lagun bat ere zauritu du adingabeak, guardian zegoen irakasle bat. Azken hau institutura bertaratu diren medikuek artatu dute, eta han bertan eman diote senda-agiria. Zauritutako beste hiru lagunak Sant Pau ospitalera eraman dituzte. Hirurek zauri arinak dituzte eta egonkor daude.

Ospitaleko iturriek jakinarazi dutenez, irakasleak zauria du aurpegian eta haren alabak, hankan. Labanaz zauritutako beste mutikoa, 14 urtekoa, egonkor dago.

Bartzelonako Udalak Larrialdien Urgentziazko Zentroa zabaldu du laguntza beharko luketen ikasleen senitartekoak edo ikasleak hartzeko. Larrialdi Zerbitzuek antsietateak jota zeuden hainbat ikasle artatu behar izan dituzte institutuan bertan.

Irakasle guztiak hilko zituela esan omen zuen

Gertatutakoen ikerketa Esquadrako Mossoen Ikerketa Kriminalerako Arloko agenteek hartu dute bere gain, eta lekukoak galdekatzen hasi dira jada.

Barcelona Bartzeloan Joan Fuster institutua ballesta. EFE

Ustezko erasotzailearen ikaskide batzuek esan dutenez, adingabeak "irakasle guztiak" hilko zituela eta gero bere buruaz beste egingo zuela adierazi zien. Beste ikasle batzuen arabera, mutilak esan zien "aspalditik" zuela dena pentsatuta eta akabatuko zituen lagunen zerrenda, baina informazio hori gezurtatu egin dute ikerketako iturriek.

Asteazkenean berrekingo diete eskolei

Xavier Trias Bartzelonako alkatea, Irene Rigau Hezkuntza kontseilaria eta hainbat zinegotzi institutura joan dira, gertakariak bertatik bertara jarraitzeko.

Maria Dolors Parramon Joan Fuster institutuko zuzendariak iragarri duenez, bihar zentroan bertan laguntza psikologikoa izango dute ikasleek eta asteazkenean, "ahal den neurrian" eskolei ekingo diete berriz.

Xavier Trias eta Irene Rigaurekin batera eskainitako galderarik gabeko adierazpenean Parramonek azaldu duenez, aparteko klaustroa egingo dute gaur (20:00) "aholkularitza orokorreko neurriak" adosteko eta bihar 10:00etan ikasleak hartuko dituzte (12:00etara etxean egongo dira). Asteazkenerako, berriz, eskolei berrekingo diete eta biktimen omenezko ekitaldi bat egingo dute.

Gertakariak Kataluniako hezkuntza komunitatea astindu du. Sindikatuek jazotakoa gaitzetsi dute eta biktimen senitartekoei doluminak agertu dizkiete. Horrez gain, astearterako bost minutuko elkarretaratze isilak deitu dituzte Kataluniako eskola guztietan (12:00etan). Kataluniako Gobernuak dolu eguna ezarri du astearterako.

Triasek Joan Fuster institutuko kide guztiei babesa agertu die Twitterren:

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona bideoak Delituak albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Nerabezaroa albisteak Erailketak albisteak Irakasleak