Gizartea -
Eguneko albisteak
Apirilaren 22ko albisteak
Asteazkena hasi aurretik irakurri beharreko bost lerroburuak.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
Sutea Miñaon
Sute handi bat piztu da gaur goizean, 06:30ean, Aernnova Aerospace multinazionalak Gasteizen duen egoitzan. Hiriko hainbat lekutatik ke-laino beltz handi bat ikusi da goizeko lehen orduan. Lantegia Miñaoko Parke Teknologikoan dago, eta Ertzaintzak parkerako sarrerak itxi ditu. Suhiltzaileak horren berri izan eta berehala abiatu dira sua itzaltzera.
Getxoko senar-emate batzuk, Punta Canako biktimen artean
Punta Canan astelehenean hegazkin arin batek izan zuen istripuan hil ziren zazpi pertsonetako bi Getxokoak ziren. Dominikar Errepublikako Gobernuak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko. Hegazkina Punta Canako aireportutik aireratu zen, Samanarako bidean, eta minutu batzuk geroago lurra jo zuen golf-zelai batean, larrialdiko lurreratzea egiten ari zela.
Hain zuzen ere, istripu horretan hildako bi getxoztarrak Javier Izquierdo Diez eta Maria Dolores Villarreal Lain dira. Egun batzuk pasatzen ari ziren Punta Canako hotel batean, eta txango bat kontratatu zuten hegazkin txiki batean Samana uhartera joateko.
Espainiarren 20.000 milioi euro, Suitzan
Santiago Menendez Espainiako Ogasuneko zuzendari nagusiak agerraldia egin zuen atzo Diputatuen Kongresuan. Datu deigarria eman zuen bertan Menendezek: Espainiar nazionalitateko herritarrek Suitzan 20.000 milioi euro eta Andorran 14.000 milioi euro dituztela esan zuen. Diru kontu horiek ikertzen ari da Espainiako Ogasuna.
Bestalde, Rodrigo Ratoren auzia jakitera eman eta gero, Cristobal Montoro Ogasun ministroa gaitzestea eta 2012ko amnistia fiskalaren zerrenda argitaratzea eragotzi zuen atzo PPk Diputatuen Kongresuan. PSOEren mozioa atzera bota zuten PPko diputatuek, gehiengo osoa baliatuz.
Oposizioko talde guztiek, CiUk izan ezik, PSOEren ekimena babestu zuten. Iruzurgileen zerrenda argitaratzea eskatzen zuen mozioaren puntuan abstenitzea erabaki zuen CiUk, baina Montoro gaitzestea babestu zuen.
Kapitaina espetxera bidali dute
Igandean Libiatik gertu hondoratu zen ontziko kapitaina eta tripulatzailea espetxera bidali ditu Italiako Fiskaltzak. Behin-behinean espetxeratzea agindu zuen. Mediterraneoan urperatutako ontziak 850 etorkin baino gehiago omen zeramatzan eta orain arte 28 gorpu berreskuratu dituzte.
Tragediatik bizirik atera zirenek ontziko kapitaina identifikatu dute; izan ere, etorkinen artean nahasten saiatu zen ez nabarmentzeko. Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziaren arabera, orain arte Mediterraneoko uretan gertatu den tragediarik larriena izan da.
Bangladeshko gazte batek bi atxilotuak identifikatu zituen. Gaztea zuzenean Siziliara eraman zuten helikopteroz igandean. Gainerako 27 pertsonak Cataniako portura heldu ziren astelehen gauean, Italiako Itsas Armadaren ontzi batean.
Finalerako sarrerak
Athleticeko bazkideek 10:00etatik aurrera eman ahal izango dute izena Interneten, Espainiako Errege Kopako finaleko sarreren zozketan parte hartzeko.Astelehenera arte izango dute izena emateko aukera, eta Athleticek gaur zortzi egingo du 34.700 sarreren zozketa. Josu Urrutia presidenteak adierazi du finaleko aurkariak, Bartzelonak, kezkatzen duela bera; ez finala aurkariaren zelaian jokatzeak.