Gizartea -
Segurtasuna Lanean
Erizanen aurkako 400 eraso izan ziren 2014an, Satseren esanetan
'Errespetuaren Liburua' izenpean, langileok jasandako eraso eta irainak "agerian uzteko" salaketa kanpaina abiatu du sindikatuak.
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko erizainek liburu batean jaso dituzte eguneroko jardunean jasandako eraso eta irainak. Apirilaren 28an Laneko Osasun eta Segurtasunaren nazioarteko Eguna da, eta hitzordua aprobetxatuta, salaketa kanpaina abiatu du Satse erizanen sindikatuak, "Errespetuaren Liburua" izenpean.
Sindikatuaren arabera, 2014an 400 eraso izan ziren erizainen kontra, 2013an jasotako salaketen antzeko kopurua.
Kanpaina honen asmoa erasoak "agerian" jartzea eta biktimei "bakarrik ez daudela" sentiaraztea da.
Izen bereko blog bat ere jarri dute martxan. Izengoiti bat erabilita, erasoen nondik norakoak kontatzen dituzte erizainek. Hala, Ainhoa izenpean idazten duen batek "hormaren kontra zokoratu" zutela kontatzen du. Leire ezizena darabilen beste baten arabera, zentro pribatu bateko zuzendaritzak mehatxu egin zion senitarteko batzuei gaixoaren logelan erre ezin zela adierazi zielako.
Satseren arabera, "erasook biktimen osasun mentalari kalte egiten dioten lan arriskua dira. Erizainak kolektibo ahulena gara", agertu dute Satseko kideek. Salatu dutenez, gainera, Osakidetzak ez die salaketei behar besteko jaramonik egiten.