Gizartea -
Bizkaia
Gizon bat atxilotu dute Getxon, bikotekidea jo duelakoan
Ustezko erasotzaileak 38 urte ditu eta solairuen arteko tarte batean topatu zuten agenteek, ezkutatuta.
eitb.eus
Getxoko ertzain-etxeko agenteek 38 urteko gizonezko bat -aurrekariekin- atxilotu zuten atzo, ostirala, genero indarkeria delitua egitea leporatuta, ustez bikotekidea aurpegian eta sabelean jotzeagatik.
Gertaera 18:00ak aldera jazo zen, Algorta auzoko etxebizitza batean, Getxon. Ertzaintzak abisua jaso zuen, gizonezko batek bikotekideari eraso egin omen ziolako; bere etxetik gertu dagoen beste etxebizitza batean babestu zen.
Antza denez, ustezko erasotzaileak ukabilkadaz jo zuen sabelean eta aurpegian, izan ere, markak zituen masail-hezurrean, bertaratu ziren agenteek baieztatu zutenez.
Handik gutxira, etxebizitza-eraikineko solairuen arteko tarte batean topatu zuten gizona, ezkutatuta.
Ondoren, agenteek ustezko erasotzailea atxilotu zuten, genero indarkeria delitua egotzita.
-----------------------------
Tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeentzat telefono bidez informazioa emateko zerbitzua dago. Zerbitzu hau doakoa da eta telefono bidezko laguntza eskaintzen du eguneko 24 orduetan: 016. Eusko Jaurlaritzak ere beste zenbaki bat jarri du abian: 900 840 111.