Gizartea -
OAD gida
Azurmendi jatetxea, Eneko Atxarena, Europako onena
Adituek egindako zerrenda honetan 10.a da Etxebarri; eta 33.a, Arzak.
agentziak | erredakzioa
Eneko Atxaren Azurmendi Jatetxea Europako 2015eko jatetxe onena izendatu dute, Steve Plotnicki OAD (Opinionated About Dining) gidaren sortzaileak iragarri duenez. Jatetxeen kalifikazioak egiteko indize prestigiosoenetako bat da OAD.
Azurmendi, hiru Michelin izarduna, lehenengoa da gaur argitaratutako Europako 100 jatetxe onenen zerrendan. Ferran eta Albert Adria anaien jatetxean aurkeztu dute zerrenda, 38. postuan dagoen jatetxean, hain zuzen ere.
Euskal sukaldaritza modernoaren gidari eta iraunkortasunaren aitzindari, Azurmendik (Larrabetzu) 18 postu irabazi ditu, In de Wulf jatetxeari (Dranouter, Belgika), orain laugarren dagoenari, lekua kenduta.
Sailkapen honen arabera, Axpeko Etxebarri erretegia, Victor Arguinzonizek zuzentzen duena, 10.a da; eta 100 onenen artean ageri da Arzak (Donostia) ere, 33. lekuan.
Jatetxeen kalifikaziorako sistema nagusietako bat da Opinionated About Dining (OAD), eta sukaldaritzarekin lotutako adituek osatzen dute, munduan zehar bidaiatu eta plater ugari dastatu ostean.