Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon batek sexu-abusuak egin dizkie gutxienez 13 neskatori Asturiasen

Neskak 11 eta 13 urte artekoak dira, eta biktima gehiago ote dagoen aztertzen ari da Polizia. Gizonezkoa kartzelatu egin dute.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 11 eta 13 urte arteko 13 neskatok sexu-abusuak eta xantaiak pairatu dituzte Asturiasen eta Leonen, Espainiako Poliziak jakinarazi duenez. Ustezko egilea, 46 urteko gizonezko bat, atxilotu eta kartzelatu egin dute.

Gizona Langreokoa (Asturias) da, eta beste hainbat delitu egotzi dizkiote, hala nola adingabeak galbideratzea, agiriak faltsutzea, sekretuak ezagutaraztea eta Internet bidez material pedofiloak partekatzea.

Ikerketa zabalik dago oraindik, Polizia balizko biktima gehiagoren bila ari baita, eta irailean abiatu zuten, bi neskatoren amek salaketa jarri ostean, alabek portaera arraroa zutela sumatuta.

Agenteek WhatsAppeko 25.000 mezu eta ehunka bideo eta argazki aztertu dituzte. Horri esker, 11 eta 13 urte arteko 13 biktima identifikatu dituzte dagoeneko.

Antza denez, gizonezkoak hiru profil sortu zituen WhatsApp bat-bateko mezularitzarako aplikazioan, nerabea zela simulatuta. Horrela, poliki-poliki biktimen konfiantza lortzen zuen, eta kutsu sexualeko argazkiak eta bideoak bidaltzera behartzen zituen. Ondoren, material hori pedofiloen webguneetan partekatzen zuen.

Biktimek mutil eder baten bikotekide birtuala zirela uste zuten. Gizonak esaten zien oraindik ezin zutela aurrez aurre ezagutu elkar, Madrilen edo Bartzelonan bizi zela argudiatuta.

Lehen fase batean, gizonak argazkiak eta bideoak eskatzen zituen, eta, bigarrenean, ustezko senide batekin sexu-harremanak izatera behartzen zituen, "entrenamendu" gisa, ondoren berarekin berdin egiteko.

Neskatoei burua berotu ondoren, sexu-harremanak izatera behartzen zituen.

Espainiako Poliziaren esanetan, gurasoak ohartarazteko egin ditu publiko ikerketaren datuak. Izan ere, adingabeek sare sozialen bitartez dituzten harremanekin adi egon behar dela nabarmendu du. Horregatik, edozein susmoren aurrean, Segurtasun Indarrengana jotzea aholkatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea