Gizartea -
Elkarretaratzea Iruñean
Lan-istripuen 'gaitzarekin' bukatzeko eskatu dute sindikatuek
Lan-istripuekin amaitzeko eskatu diete LAB, ELA, STEE-EILAS eta Hiru sindikatuek politikariei. Elkarretaratzea egin dute Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuaren aurrean.
Agentziak | Erredakzioa
Lan-istripuen “gaitzarekin” bukatzeko eskatu diete LAB, ELA, STEE-EILAS eta Hiru sindikatuek politikariei. Sindikatuek elkarretaratzea egin dute Funesen, astelehenean, hildako bi beharginen senitartekoei elkartasuna adierazteko.
"Lan-istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea" lelopean elkarretaratzea egin dute Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuaren aurrean, Iruñean.
Igor Arroyo Nafarroako LABen bozeramaileak salatu duenez, Enplegu Departamentuan “erantzukizuna duten eta izan duten alderdiak daude, UPN, PSN edo PP esaterako”. “Aurreko heriotzekin” Nafarroan egin ez bezala, alderdi horiek hauteskunde-kanpainako ekitaldiak bertan behera uztea erabaki zuten “hipokresia politikoaren ariketa batean”, kritikatu duenez.
Lan-istripuek “zergatiak” dituztela esan du Arroyok. Zentzu horretan, Nafarroan eta Espainian “hildakoen batez bestekoa bikoizten” dela salatu du LABeko bozeramaileak. “Prekarizazioa eta esplotazioa basatia” salatu ditu Arroyok. “Segurtasun neurrien gabezia” kritikatu du.
“Alarmarako datuak”
Bestalde, “alarmarako bi datu” daudela ziurtatu du Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAren arduradunak. Lakuntzaren hitzetan, “hilabete eta erdian bost langile hil dira Nafarroan”. Gainera, “ezbeharren kopurua Foru Erkidegoan gora” egiten ari dela ohartarazi du.
Lan-istripuen atzean “egiturazko arrazoiak” daudela errepikatu du ELAko ordezkariak. Besteak beste, “azpikontratazioa, behin-behinekotasuna, aldi baterako kontratuak eta erabateko prekarizazioa”, aipatu ditu Lakuntzak.
Funeseko lan-istripuaren “erantzukizunak amaierara arte ikertzeko eta eramateko” eskatu du Lakuntzak. Azkenik, “aldaketa politikoak” eskatu dizkie ELAko ordezkaritzak laneko osasunaren arduradunei.