Gizartea -
Gasteiz
Gidabaimenik gabe, bigarren ilaratik autoa mugitzeagatik inputatu dute
Gidariari eskatu barik, autoa berak mugitzea erabaki zuen kopilotuaren jesarlekuan zegoen gizon batek.
Agentziak | Erredakzioa
56 urteko gizonezko bat baimen barik gidatzeagatik inputatu dute Gasteizen, bigarren ilaran zegoen auto bat mugitu eta gero.
Judimendi etorbide inguruan lanean zegoen Gasteizko udaltzain patruila batek bigarren ilaran zeuden hainbat auto ikusi zituen ostegunean, 13:40 aldera, supermerkatu baten parean. Gidariei autoak lekuz aldatzeko eskatu zieten agenteek.
Ibilgailuetako batean kopilotuaren jesarlekuan zegoen gizonezko batek udaltzainei azaldu zienez, gidaria denda barruan zegoen, erosketak egiten. Agenteek abisatzeko esan zioten gizonezkoari.
Honek, abisatu beharrean, gidariaren jesarlekuan eseri eta autoa mugitu zuen. Ibilgailua astiro-astiro eta zailtasunez mugitzen zela ikusita, gelditzeko eskatu zioten agenteek. Gizonari gidabaimena eskatu ziotenean, honek halakorik ez zuela jakinarazi zien. Hori horrela, bide segurtasunaren kontrako delitu bat egin duelakoan, inputatu egin dute gizona.