Gizartea -

Eguneko lerroburuak

Herri harresiko atxiloketak eta Max sariak, titularretan

Astearteari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko herri harresia: hiru atxilotuak espetxera igorri dituzte

Ibon Esteban, Igarki Robles eta Aiala Zaldibar gazteak Zaballako espetxera eraman dituzte, Segiko kide izatea egotzita Auzitegi Nazionalak ezarritako sei urteko espetxe zigorra bete dezaten, atzo Ertzaintzak atxilotu eta gero. Hain zuzen ere, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan atzeman zituzten atzo, atxiloketak oztopatzeko helburuz 150-200 pertsonak osatutako herri harresia indarrez desegin ostean.

Herriko tabernen auziko helegiteak, aztergai

Auzitegi Gorenak astearte honetan egingo du saioa Auzitegi Nazionalak herriko tabernen auzian zigortutakoek aurkeztutako helegiteak aztertzeko. Zigortuen artean daude Joseba Permach eta Rufi Etxeberria Batasuneko kide ohiak. Auzitegi Nazionalak 15 hilabete eta 3 urte arteko kartzela-zigorra ezarri zien herriko tabernen bidez ETA finantzatzeagatik auzipetutako 34 lagunetako 20ri. Permachek eta Etxeberriak jaso zituzten zigor handienak.

Migrazio-mafiei aurre egiteko itsas misioa onartu dute

Etorkinak Mediterraneoan legez kanpo garraiatzen dituzten mafiei aurre egiteko itsas misio bat onartu zuten atzo Europar Batasuneko (EB) Atzerri eta Defentsa ministroek. Honenbestez, jatorrizko herrialdeen itsas eremuan ontziak deuseztatzeko aukera zabaldu dute EBko buruzagiek. Atzerri ministroek ekainaren 22an, Luxenburgon, Kontseiluak egin beharreko bileran misioa ?martxan jartzeko? aukera izatea espero du Federica Mogherini Europar Batasuneko diplomaziaren buruak. NBEko Segurtasun Kontseiluak ordurako baimena ematea espero du Mogherinik.

Lehendakariaren eta Jose Mujicaren arteko bilera Muxikan

Jose Mujica Uruguaiko presidente ohia Euskadin dago egunotan, birraitonaren sorlekuan bisitan. Astelehenean, Iñigo Urkullu lehendakariarekin elkartu da Muxikan, bere arbasoen herrian. Bigarren aldiz egon da Mujica bertan, eta oraingoan Lucia Topolansky senatari eta emaztearekin etorri da.

Sabin Bikandik eta Kukaik Max saria jaso dute

Antzerkiaren Max sarietan arrakasta izan du euskal kulturak. 18. edizioan, Sabin Bikandi eta Kukai dantza taldea saritu dituzte. Hain zuzen ere, Kukairen Gelajauziak lanagatik, Musika Konposiziorik Onenaren Max saria eman diote Bikandiri. Dantza taldeak, bestalde, Antzezle-zerrendarik Onenaren saria lortu du.

Max Sariak Kukai dantza taldea EFE

Max Sariak Kukai dantza taldea EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak