Gizartea -

Europako Justizia Auzitegia

Aldundiak Habiditeri emandako laguntzak legez kanpokotzat jo ditu EBk

Aldundiak 2006an Habiditeri emandako laguntzak ez zirela legezkoak esan zuen Europako Batzordeak, eta Foru Aldundiak helegitea jarri zuen erabaki horren kontra, baina Auzitegi Nagusiak atzera bota du.

AGentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak legez kanpokotzat jo zituen Bizkaiko Foru Aldundiak 2006an Habiditeri emandako diru-laguntzak, eta Foru Aldundiak helegitea jarri zuen horren kontra. EBko Justizia Auzitegi Nagusiak, baina, bertan behera utzi du gaur helegite hori.

Bizkailur Bizkaiko Foru Aldundiak % 100ean kontrolatzen duen enpresa publikoak, Bizkaiko Foru Aldundiak berak eta Habidite Jabyer Fernander enpresaburuaren Afer taldeko konpainiak 2006an sinatu zituzten bi hitzarmenen berri eman zion Espainiak 2009an EBri.

Hitzarmen horien arabera, Habiditeren planta bat jarri behar zuten Alonsotegin, etxebizitzak eraikitzeko moduluak egiteko, eta Habiditeri etxebizitza kopuru jakin bat erosteko konpromisoa hartu zuen Aldundiak, ondoren etxebizitza sozial modura saltzeko.

Lehen hitzarmenak jasotzen zuenez, Foru Aldundiak eta Bizkailurrek lursail bat erosi, eta industria erabilera emateko egokitu behar zuten, gero lursail horren jabetza Habiditeri emateko, Bizkailurrek erositako prezioan.

Bigarren hitzarmenak, berriz, Bizkaiko Foru Aldundiak Hadibiteri guztira 1.500 etxebizitza erostea jasotzen zuen, ondoren Eusko Jaurlaritzak ezarritako prezioan saltzeko.

2009ko abenduan, bi hitzarmenok aztertzeko ikerketa bat zabaldu behar zuela jakinarazi zion Europako Batzordeak Espainiari, zalantzan baitzuen bi itun horiek Europako araudiarekin bateragarriak ziren.

Hain zuzen ere, Bizkailurrek lursailak erosteko eta industria erabilera emateko izan zituen gastuak itzultzeko baldintzak jarri zituen zalantzan Bruselak, eta baita 1.500 etxebizitza erosi eta saltzeko baldintzak ere. Hiru urte geroago, Europak azken erabakia hartu zuen, eta hitzarmen horien bidez legez kanpoko laguntzak eman zituztela ebatzi zuen.

Europako Batzordearen iritzian, lursailei lotutako laguntza bazen EBko Zuzenbidearekin bateragarria, baina muga batekin: 10,5 milioi euro. Hortik eta gora emandakoa legez kanpokotzat jo zuen. Halaber, etxebizitzen inguruko laguntzak eta Europako araudia erabat bateraezinak direla ebatzi zuen.

Erabaki horren aurrean, helegitea jartzea erabaki zuen orduan Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Europako Batasuneko Auzitegi Nagusira eraman zuen auzia. Auzitegiak gaur atzera bota du helegitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Gaurko albisteak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Europa Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Dirulaguntzak gaur