Gizartea -
Zaharren egoitzan
Adineko gizon bat hil da Zangozan, beste batek eraso egin eta gero
Zaharren etxeko 88 urteko gizon bat hil da 95 urteko beste adineko batekin istilua izan eta gero. Foruzaingoak bigarrena atxilotu du dagoeneko.
Agentziak | Erredakzioa
Zaharren etxeko 88 urteko gizon bat hil da Zangozan (Nafarroa), 95 urteko beste adineko batekin istilua izan eta gero. Foruzaingoak bigarrena atxilotu du erasoaren ustezko egilea delakoan.
Nafarroako Gobernuak agiri batean azaldu duenez, gertakariak iragan larunbatean jazo ziren. Foruzaingoak abisua 23:00ak aldera jaso zuen. Zangozako zahar-etxean adineko bati egindako erasoaren berri eman zioten.
Foruzainak bertaratu zirenean, Zangozako Osasun Zentroko profesionalak 88 urteko R.J.B. artatzen ari ziren. Biktima zauriturik zegoen. Erasoa ustez 95 urteko M.G.A. Zangozako bizilagunak egin zuen.
Atxilotua
Gizonezkoa atxilotu zuten foruzainek, erasoaren ustezko egilea zelakoan. Antza denez, atxilotua biktimaren logelan sartu zen eraso egiteko.
Zangozako Osasun Zentroko langileek biktima artatu zuten lehen unean, baina zaurituak okerrera egin zuen eta anbulantzian Nafarroako Ospitalera eramateko erabakia hartu zuten. Ordu batzuk geroago hil egin zen, Iruñean.
Foruzaingoa gertakariak ikertzen ari da eta Aoizeko Argibideetako 2. Epaitegiak ikerbidea hasi du.