Gizartea -

Tabakoa

Kanadak 13.600 milioi euroko zigorra ezarri die hiru tabako enpresari

Kalte moralengatik konpainien kontra salaketa aurkeztu zuten bi taldeei arrazoia eman die epaileak, 17 urteren ondotik.

Erretzeari utzi ezin izan dioten milioi bat herritarrek 118 euroko kalte-ordaina jasoko dute. EFE
Erretzeari utzi ezin izan dioten milioi bat herritarrek 118 euroko kalte-ordaina jasoko dute. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kanadako justiziak zigor historikoa ezarri die Imperial Tobacco, Rothmans Benson and Hedges eta JTI-MacDonald tabako enpresei: 15.000 milioi dolar (13.600 bat milioi euro). Sektoreko enpresen kontra Kanadan inoiz aurkeztu den salaketa zibil handiena izan denean garaile atera dira Quebeceko erretzaile eta erretzaile ohiak.

Epaiaren kontra helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute hiru konpainiek eta erabakiaren kontra mintzatu dira. Brian Riordan epaileak arrazoia eman die tabako enpresen kontrako salaketa aurkeztu zuten bi taldeei.

"Egun handia da tabakoaren biktimentzat, 17 urtez egon dira erabaki honen zain. Prozesu luzea izan da baina garaipena, handia", esan du Mario Bujold Quebeceko Osasun eta Tabakoaren Kontseiluko zuzendariak CBC telebista katean.

Kanadako prozesu zibil handiena

Epaiketa 2012ko martxoan izan zen, milioi bat erretzaileren izenean bi taldeek salaketa jarri eta 13 urte geroago. Tabako enpresek kalte moralak egin zituztela argudiatuta, 27.000 milioi dolarreko (24.580 milioi euro) isuna eskatu zuten taldeok.

Erretzeagatik gaixotu ziren lagunen izenean aurkeztutako salaketa Blais auzia izenagatik egin zen ezaguna. Bestea, Letourneau auzi gisa batailatua izan zena, tabakoa ezin utzita zeuden eratzaileek aurkeztu zuten.

Bi salatzaileen arabera, enpresek ez zuten behar bezala jakinarazi tabakoa osasunerako txarra zela. Are, kalte horien berri eman zuten ikerketak gutxietsi zituzten eta marketin estrategia makurrak erabili zituzten gehiago saltzearren.

Epaiaren arabera, minbiziak jotako salatzaileek 91.000-81.000 euro artean jasoko dituzte. Kalte-ordaina erretzeari ekin zioten dataren arabera jasoko dute, 1976ko urtarrila baino lehen hasi zirenek kopuru maximoa jasoko dute, ondoren hasi zirenek, txikiena. Enfisemak jotakoak ere 27.000-21.000 euro bitarteko kalte-ordaina jasoko dute.

Erretzeari utzi ezin dioten milioi bat herritarrentzat, berriz, pertsonako 118 euroko kalte-ordaina ezarri dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea