Gizartea -

Ezbeharra Bizkaian

N-240 eta N-634 errepideak lau orduz egon dira itxita, Galdakaon

Kamioi batek eta furgoneta batek talka egin dute Urgoitin, eta kamioia errepidetik kendu duten arte, pilaketak izan dira inguru horretan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pilaketa handiak sortu dira N-240 eta N-634 errepideetan, Galdakao (Bizkaia) inguruan, kamioi baten eta furgoneta baten artean izandako talkaren ondorioz, Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Istripuak kaosa eragin du errepideotan, eta lau orduz itxita egon dira.

Ezbeharra 08:05 aldera jazo da, Urgoiti auzoan, N-240 eta N-634 errepideek bat egiten duten bidegurutzean, Gasteizerako noranzkoan.

Habe luze bat zeraman kamioi batek eta furgoneta batek elkar jo dute, eta istripuak traba handia eragin du; izan ere, kamioia gurutzatuta geratu da, ez atzera ez aurrera, eta habeak kalteak egin ditu kamioiaren kabinan. Hala ere, ez da inor zauritu.

Istripuaren ondorioz, N-240 errepidea bi noranzkoetan itxi dute. Ertzaintzak A-8tik bideratu du ibilgailuen joan-etorria, Galdakaoko Ospitalearen parean dagoen bidegurutzetik, eta N-634 errepidean ere auto-ilara luzeak sortu dira.

12:20 aldera zabaldu dituzte berriz N-240 eta N-634 errepideak, ibilgailu astuna errepidetik kendutakoan, eta pilaketak apurka-apurka desagertu direla adierazi du Segurtasun Sailak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Galdakao Gaurko albisteak Bizkaia Merkantzia-garraioari buruzko albisteak N-634 albisteak