Gizartea -

Tiroketa Leitzan

Segurtasun sailburuak dio atxilotutako ertzaina jardunean zegoela

Beltran de Herediak azaldu duenez, agenteak ''ez zeukan inolako mugarik bere lanbidean jarduteko'', baina ''zerbitzu murriztuetan’’ ari zen, ''gaixotasun fisiko batek eragindako arazoengatik''.

Ustez kamioilaria hil zuen ertzaina Iruñeko komisarian dago atxilotuta

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azaldu duenez, ostegun honetan Leitzan atxilotutako ertzaina jardunean zegoen, eta ''ez zuen inolako mugarik bere lanbidean jarduteko''. Ustez kamioilari bat tiroz hiltzeagatik atxilotu zuten agentea atzo, eta Iruñeko Polizia-etxean dago. Sailburuak ostiral honetan azpimarratu duenez, ''banakako'' kasua izan da, eta ez dator bat ''polizia jardunarekin''.

Iurretan egin ditu adierazpenak Beltran De Herediak, Ertzaintzaren Zaintze eta Erreskate Unitatearen egoitzari egindako bisitan. Bertan, sailburuak nabarmendu du Jaurlaritza elkarlanean ari dela Foru Poliziarekin ikerketa aurrera eramateko, eta babesa eskaini die kamioilariaren eta ertzaintzaren familiei.

Beltran de Herediak gogoratu du Ertzaintzak sarbide-probak egiten dizkiela bere agente guztiei, eta ''pertsona jardunean baldin bada proba hori gainditu duelako da''. Honi lotuta, baina, aitortu egin du ondoren ez dagoela kontrolik, ezta ''aldizka gainditu beharreko test psikologikorik''. Edonola ere, Beltran de Herediak azaldu du ''agenteren batek arazoren bat baldin badu'' osasun zerbitzuak eskura daudela, ''neurriak hartzeko''.

''Pertsona hau jardunean zegoen, eta bere lanbidean inolako murrizketarik gabe aritzeko baimendua'', azaldu du; halaber, sailburuak gaineratu du ''zerbitzu murriztuetan'' ari zela, ''gaixotasun fisiko batek eragindako arazoengatik''.

''Hipotesirik gabe''

 

Tiro egiteko arrazoien inguruan oraindik hipotesirik ez dagoela adierazi du, eta ''banakako kasua'' dela, ''espazio pribatuari'' dagokiona eta ez datorren bat ''polizia jarduerarekin''.

Horrez gain, nabarmendu du erabilitako arma ez zela ''arauzko arma'', baizik eta arma partikularra. ''Dakigunaren arabera, araudia betetzen zuen'', gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintzaren albisteak