Gizartea -
Andaluzia
Epaileak espetxera bidali du Jaenen falta diren seme-alaben aita
Hiru, bost eta zazpi urteko haurrak Andaluziako Juntaren babespean daude eta, antza denez, laster harrera familia baten esku utzi behar zituzten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
La Carolinako (Jaen) 1. zenbakiko instrukzio epaitegiko epaileak espetxera bidali du Jaenen falta diren hiru seme-alaben aita. Bien bitartean, Guardia Zibila hiru haurren bila ari da.
Manuel M.M. (47 urte) asteartean atxilotu zuten eta gaur deklaratu du epailearen aurrean.
Andaluziako Auzitegi Nagusiko iturriek berri eman dutenez, epaileak haurren aita inputatu du horien desagerpenarekin zerikusia duelakoan. Hiru, bost eta zazpi urteko haurrak Andaluziako Juntaren babespean daude eta, antza denez, laster harrera familia baten esku utzi behar zituzten.
Asteartean seme-alabekin elkartu zen, aurrez Andaluziako Juntarekin hitzordua adostu ondoren. Aitak Udaltzaingoaren aurrean salatu zuenez, gozokiak erostera joan zen inguruko denda batera, haurrak parke batean utzita, eta itzuli zenean, haurrak ez zeuden bertan.
Poliziak susmo txarra hartu, eta atxilotu egin zuen aita (Manuel M.M.). Gizonak aurrekariak ditu eta aurreko astean hainbat egunetako kanpaldia egin zuen Andaluziako Juntaren aurrean seme-alaben zaintza itzultzea eskatzeko.
Geroztik, haurren bila ari dira, eta hipotesi guztiak zabalik daude, baina, Segurtasun Indarren ustez, norbaitekin ados jarri zen haurrak eramateko; izan ere, hamar egun barru harrera familien esku utziko dituzte.
Bestalde, Andaluziako Juntak ikerketa abiatu du gertaturikoa zehaztu eta balizko erantzukizunak argitzeko, Purificacion Galvez Andaluziako Gobernuak Jaenen duen ordezkariaren arabera.
Jose Bretonen kasuarekin antzekotasunik izan dezakeen galdetuta, Antonio Sanz Espainiako Gobernuak Andaluzian duen ordezkariaren esanetan, "goizegi" da bi kasuak parekatzeko, baina haren antzik ez izateko esperantza agertu du.