Gizartea -
Nafarroa
Kamioilaria hiltzeagatik atxilotutako ertzaina epailearenera, gaur
Agentea Tiebaseko bizilaguna da eta ostegunean atxilotu zuten tiro egin eta kamioilari bat hiltzea leporatuta, A-15ean, Leitza parean, antza denez, errepidean izandako eztabaida bat dela eta.
Agentziak
Kamioilari bat hiltzea leporatuta aurreko ostegunean Areson (Nafarroa) atxilotutako ertzaina gaur, igandea, eramango dute epailearen aurrean deklara dezan, 10:00etan, Iruñeko guardiako epaitegira, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.
Agentea Tiebaseko bizilaguna da eta ostegunean atxilotu zuten tiro egin eta kamioilari bat hiltzea leporatuta, A-15ean, Leitza parean, antza denez, errepidean izandako eztabaida bat dela eta. Hildakoa 39 urteko motrildarra (Granada) da.
Ezbeharra 13:20 aldera jazo zen aurreko ostegunean, A-15erako sarbidean, Donostiarako noranzkoan, Areso udalerriaren parean.
Epaitegiko Poliziako kideak eta Foruzaingoko Polizia Zientifikoak hartu zuten ikerketa euren gain, gertaeraren nondik norakoak argitzeko helburuarekin; ikerketa epaitegien esku da jada.
Kamioi gidariaren hilotza larunbat arratsaldean iritsi da Granadako Motril herrira, eta haren aldeko hileta elizkizuna, ostera, igande arratsaldean egingo dute Motrilgo elizan.
Arauzko arma
Hildako gidariaren senitartekoei elkartasuna adierazi eta gero, tiroa ?ustez, ertzainaren arauzko armarekin egin ez? duela azaldu zuen atzo Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak.
Gainera, Nafarroako epaileari eta Foruzaingoari ikerketan laguntzeko prest agertu zen sailburua. Atxilotutako ertzaina eskarmentu handikoa dela eta Oriako polizia-etxean lan egiten duela esan zuen Beltran de Herediak.
Ertzaintzak lanetik kanpo ez dute arauzko arma eramateko baimenik. Horretarako baimen berezia behar dute, Segurtasun Saileko iturriek azaldu zutenez. ETA aktibo zegoen garaian arauzko arma gainean eramateko baimena zuten ertzainek, babeserako neurri bezala, iturri berdinen arabera.
Horren ildotik, Radio Euskadik baieztatu duenez, atxilotuak arma partikular edo pertsonal bat zeraman. Bestalde, atxilotuak 20 urte baino gehiagoko eskarmentua du Ertzaintzan eta ez du inolako aurrekaririk, ezta arazo psikiatrikorik ere.
''Banakako'' kasua
Beltran de Herediak, gainera, ostiralean azaldu duenez, atxilotutako ertzaina jardunean zegoen, eta ''ez zuen inolako mugarik bere lanbidean jarduteko''. Sailburuaren arabera, ''banakako'' kasua izan da, eta ez dator bat 'Poliziaren jardunarekin''.
Bestalde, sailburuak nabarmendu zuen Jaurlaritza elkarlanean ari dela Foru Poliziarekin ikerketa aurrera eramateko, eta babesa eskaini die kamioilariaren eta ertzaintzaren familiei.
Beltran de Herediaren esanetan, Ertzaintzak sarbide-probak egiten dizkie bere agente guztiei, eta ''pertsona jardunean baldin bada proba hori gainditu duelako da''. Honi lotuta, baina, aitortu egin zuen ondoren ez dagoela kontrolik, ezta ''aldizka gainditu beharreko test psikologikorik''. Edonola ere, Beltran de Herediak azaldu zuen ''agenteren batek arazoren bat baldin badu'' osasun zerbitzuak eskura daudela, ''neurriak hartzeko''.
''Pertsona hau jardunean zegoen, eta bere lanbidean inolako murrizketarik gabe aritzeko baimendua'', erantsi zuen; halaber, sailburuaren arabera, ''zerbitzu murriztuetan'' ari zen, ''gaixotasun fisiko batek eragindako arazoengatik''.
Bideoa: Ertzain bat atxilotu dute, kamioi gidari bat hiltzea egotzita: