Gizartea -
Eguneko Albisteak
Guggenheim, Turkia eta Osasuna, lerroburuetan
Hona hemen astelehen honetako lerroburu nagusiak.
eitb.eus
Guggenheim museoetako agintariek Bilbon egingo dute Fundazioaren bilera
Hitzordu garrantzitsuak izango dira gaur eta bihar Bilboko Guggenheim Museoan. Gaur goizean, Jeff Koonsen erakusketa inauguratuko dute, eta Koons bera izango da ekitaldian. Bihar, berriz, Solomon Guggenheim Fundazioaren nazioarteko bilera egingo dute mundu osoko Guggenheim museoetako buruek. Bertan, euskal museoaren garrantzia goraipatuko dute, Guggenheim museoa Euskadin beste hogei urtez izateko akordioa sinatu eta sei hilabetera.
Gaur goizean, Puppyren sortzailearen erakusketa inauguratuko dute, eta Jeff Koons bera izango da ekitaldian. Arratsaldean, Bilboko museoaren patronatuak bilera egingo du, 2015eko lehen seihilekoaren datu ekonomikoen berri eman eta 2016ko erakusketak aurkezteko. Bileran, Iñigo Urkullu lehendakaria ere izango da.
Bihar, New York, Venezia eta Abu Dhabiko museoetako buruak izango dira Bilbon, Solomon Guggenheim Fundazioaren patronatuaren bileran parte hartzeko. Urtero egiten duten bilera da, azken hilabeteetako nondik norakoak aztertu eta hurrengo hilabeetarako egitasmoak zehazteko.
AKPk irabazi ditu bozak eta kurduek ordezkaritza lortu dute
AKP Justizia eta Garapena Alderdiak irabazi ditu igandean Turkian egin diren hauteskundeak, botoen % 40,8 eskuratuta, baina Recep Tayyip Erdogan egungo presidentearen alderdiak gehiengo absolutua galdu du. Bestalde, HDP alderdi kurduak botoen % 10 baino gehiago eskuratu du eta, ondorioz, Turkiako Parlamentuan egongo da lehen aldiz.
Hauteskundeak irabazi baditu ere, AKP alderdiak gehiengo absolutua eta 71 diputatu galdu ditu.
Aire-kontrolatzaileen protestek 5.300 hegaldiri eragingo diete
Enaire enpresako aire-kontrolatzaileek lau orduko lanuzteak egingo dituzte aste honetako lau egunetan. Guztira, 5.300 hegaldiri eragingo die kontrolatzaileen protestak. Lanuzteak gaur, etzi, ostiralean eta igandean egingo dituzte.
Sustapen Ministerioak % 70eko zerbitzu minimoak ezarri ditu. Kontrolatzaileek bi txandatan egingo dituzte lanuzteak: 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Aire-kontrolatzaileen sindikatuak, USCAk, deitu ditu lanuzteak, Enairek 61 langileri ezarritako zigorraren aurka protesta egiteko.
Kamioilaria hiltzea egotzita atxilotutako ertzaina, espetxera
Joan den astean kamioilari bat tiroz hiltzea leporatuta atxilotu zuten ertzaina behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du epaileak, deklaratu eta gero, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.
Iragan ostegunean, 12:30ean, Leitzarango autobidean, Donostiarako noranzkoan, zerbitzutik kanpo zegoen Ertzaintzaren agenteak kamioilariari tiro egin omen zion, zirkulazio arazo batengatik harekin ezbaidatu eta gero, antza, eta hil egin zuen. Kamioi-gidaria, Jesus Madrigal Burgos, 39 urtekoa, Motrilgo (Granada) bizilaguna zen.
Agentea (50 urte) Tiebasen (Nafarroa) bizi da, eta "bigarren jarduera egoeran" zegoen Ertzaintzan; alegia, zerbitzua murriztua zuen gaixotasun fisiko batengatik eta, une horretan, Tolosara (Gipuzkoa) zihoan.
Osasunak mailari eutsi dio, azken hasperenean (2-2)
Osasunak azken haspenera arte itxaron behar izan du datorren denboraldian Bigarren Mailan jokatzen jarraituko duela ziurtatzeko. Javier Flañok egin du berdinketaren gola Sabadellen, partidaren luzapenean. Ordura arte, gorritxoak Bigarren B mailara jaitsita zeuden, Racingek Albaceten markagailua alde baitzuen (0-1).
Partida aldapan gora hasi zuten nafarrek, eta partida amaitzeko minutu gutxi falta zirenean 2-0 galtzen egon ondoren, luzapean lortu zuten partida berdintzea eta, horrekin batera, mailarari eustea.