Gizartea -
Eusko Legebiltzarra
Ertzaintzaren berrantolaketa berriz kritikatu dute sindikatuek
Berrantolaketa planak izan dituen “ondorio larriak” salatu dituzte sindikatuek. Segurtasun Sailak akordioak “bete ez” dituela kritikatu dute ErNEk, Esanek eta ELAk.
Agentziak | Erredakzioa
Horizonte 2016 Ertzaintzaren berrantolaketa Plana martxan jartzeak izan dituen “ondorio larriak” salatu dituzte ErNE, Esan eta ELA sindikatuek Eusko Legebiltzarrean; izan ere, ertzainak “arriskuan jartzen” ditu eta antolamenduan “kaosa” eragin du. Horrek herritarrei zuzenean eragiten diela erantsi dute.
Sindikatuek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean, PSEk eta PPk eskatuta. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailarekin dituzten desadostasunak azaldu dituzte sindikatu guztiek.
Ertzaintzan berrantolaketa bat egitea beharrezkoa dela adierazi du ErNEk, ematen zen zerbitzua eta ematen dena “hobetu” daitekeela “bistakoa” delako, baina Exekutiboaren Horizonte 2016 Egitasmoaren aurka agertu da. “Operazioetan, askotan, arriskuan jartzen gaitu, eta adostutako eta sinatutako lan baldintzak urratzen ditu”, salatu du Roberto Seijo ErNEko idazkari nagusiak.
Bestalde, Horizonte 2016 Planaren helburuek eta ezarpenak “porrot” egin dutela uste du Eneko Urkijo Esan sindikatuko idazkari nagusiak. Berrantolaketa egitasmoa “inposatu” dutela eta horrek “herritarrei eragiten” diela kritikatu du Urkijok.
Azkenik, Ertzaintzaren barruan dagoen “gatazka” Eusko Jaurlaritza “akordioak sistematikoki urratzen” ari delako “soilik” gertatzen ari dela ziurtatu du Tomas Rodriguez ELAko bozeramaileak.