Gizartea -
Abisu horia
Ostegun honetan eurite handiak izango direla ohartarazi du Euskalmetek
Jaurlaritzak abisu horia ezarri du 12:00etatik 24:00etara, 15 litro ur pilatuko baitira metro karratuko.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du ostegun honetarako, eurite handiak espero baitira, batez ere barnealdean.
Hain zuzen ere, 12:00etatik 24:00etara izango da indarrean abisua. Tarte horretan, 15 litro ur pilatuko omen dira metro karratuko ordubetean. Gainera, baliteke txingorra ere botatzea.
Ostiralerako, eguna hodeitsu egongo dela iragarri du Euskalmetek, baina euriak ahulak edo moderatuak izango dira. Haizeak iparretik joko du; kostaldean, gogor. Tenperaturek, gainera, behera egingo dute.
Larunbatean, zeruak estalita jarraituko du, eta euri ahula edo moderatua egingo du. Tenperatura minimoak berdin izango dira, baina maximoek gora egingo dute. Haizeak ipar-ekialdetik joko du.
Bestalde, AEMET Estatuko meteorologia agentziak abisu horia ezarri du gaurko Nafarroako Piriniotan, euriteengatik.
Abisu horiak ez du esan nahi herritar guztiak arriskuan daudenik, jarduera jakin batzuk aire librean egiten dituztenak kontuz ibili behar dutela baizik.