Gizartea -

Europa

Patxi Baztarrika, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sareko presidente

Helburuen artean izango du estatu hizkuntzak ez izanda ere, Europako lurralderen batean ofizialak diren hizkuntzei Europako Batasunak ofizialtasuna aitortzea.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareko (NPLD) presidente aukeratu dute ostegun honetan Helsinkin.

Finlandiako hiriburuan egunotan ari dira egiten Sareko Biltzar Nagusia, eta, bertan, gehiengoz aukeratu dute Jaurlaritzako ordezkaria. Presidente aukeratuta izan ondoren, Baztarrikak sarearekiko bere ikuspegia azaldu du Biltzar Nagusiaren aurrean, eta ondorengo urteetarako lan ildo nagusiak marraztu ditu.

Bertan adierazi duenez, NPLD sareak osatutako Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriak leku nabarmena izango du. "Europako erakundeentzat, eta bereziki Europako Batzordearentzat, Bide Orri hau eleaniztasunaren sustapenerako benetako erreferentzia bihurtzea bultzatu beharra dago", azaldu du.

Ildo horretan, "Bide Orriaren printzipio nagusiak praktikan ipini eta gauzatuko dituen neurri zehatzen katalogoa osatu" beharra dagoela ere esan du. Hitzaldian, Baztarrikak gogorarazi du NPLD sarearen egitekoen artean daudela "Europako Kontseiluarekin elkarlanean aritzea, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna onartzeko eta berresteko lanean jardutea, eta Europako Hizkuntza Eskubideen Karta sustatzea".

Bide orria

Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orria NPLD sareak osaturiko dokumentua da, eta otsailean aurkeztu zuten Europako erakundeen aurrean, Bruselan. E

Dokumentuak hainbat ekintza eta neurri proposatzen dizkie Europako erakundeei, honako helburu hauek lortzeko: eleaniztasuna sustatzeko hizkuntza politika garatzea; hizkuntza guztiek gizarte kohesioan eta garapen pertsonal nahiz ekonomikoan duten ezinbesteko funtzioa aitortzea; eta Europako hizkuntza guztien arteko elkarbizitza harmonikoa bultzatzea.

Horretarako, zenbait ekintza proposatzen dizkie Europako erakundeei, besteak beste, estatu hizkuntzak ez izanda ere, Europako lurralderen batean ofizialak diren hizkuntzei Europako Batasunak ofizialtasuna aitortzea; Europako erakundeek hizkuntza europar guztien erabilera bultzatzea; edo hizkuntza eskubideak Europako Oinarrizko Eskubideen Kartan sartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Eusko Jaurlaritza berriak