Gizartea -

Ikastolen aldeko Jaia

Araba Euskaraz igande honetan Gasteizen

Arabako ikastolen aldeko aurtengo jaia Oiongo San Bizente ikastolak antolatu duen arren, Gasteizen ospatuko dute, hiriburuko azpiegiturak eta gertutasuna direla eta.

M. I. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan, ekainak 14, Araba Euskarazen edizio berri bat ospatuko da. Arabako ikastolen aldeko aurtengo jaia Oiongo San Bizente ikastolak antolatu duen arren, Gasteizen ospatuko dute, hiriburuko azpiegiturak eta gertutasuna direla eta.

‘Piztu Euskara’ lelopean egingo dute aurtengo jaia. Piztuta dagoen bonbilla bat irudikatzen du logotipoak eta leloarekin batera, norberak daraman bonbilla, euskara, irudikatzen du.

Aurtengo edizioan bilduko den diruarekin Oiongo San Bizente ikastolako eraikina berriztatuko dute. 1977an ireki zituen ateak ikastola horrek, eta egun, 200dik gora ikasle hartzen ditu. Oion bertako haurrez gain, beste herri eta erkidego batzuetatik datozen ikasleak ere hartzen ditu.

Lau gune

Gasteizko Prado eta Armentia elkartuko ditu aurtengo ibilbideak eta lau gunetan banatuta egongo da: Prado, Mendizorrotza, Mieral eta Armentia. Horietan guztietan izango da zer ikusi eta entzun, baita zer edan eta jan ere.

Mendizorrotzan jardungo dute talde gehienek: lehenik Guri 5 taldea, eguerdiko 2etan, ondoren aratsaldeko 3etan E. T. S. eta 4etan Esne Beltzak girotuko du Alaves-en zelaia. Bukatzeko, Xaiko entzun ahal izango da 5.30etatik aitzina. Armentia guneak ere kontzertu garrantzitsu batzuk jasoko ditu: 12.30tan Pabl DJ, arratsaldeko 1.30tan Perlak taldea, 3.30tan Begiz Begi Baionako taldea eta giro onean bukatzeko arratsaldeko 5.30tan, Oihan Vega.

Ibilbidean zehar eta beste guneetan ere hainbat talde ibiltariren doinuak entzun ahal izango dituzue, tartean Gazteberri txaranga eta Irule trikitilariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Araba Euskaraz bideoak Gasteiz