Gizartea -
Nafarroa
294 kilo haxix atzeman dituzte Sakanan, abandonatutako auto batean
NA-1001 errepidearen eta A-1 autobideko 405 irteeraren arteko bidegurutzean aurkitu dute ibilgailua.
O.A. | ERREDAKZIOA
Nafarroako Guardia Zibilak 294 kilo haxix atzeman ditu larunbat honetan Sakanan (Nafarroa) bide bazterrean zegoen ibilgailu batean, Guardia Zibilak ohar bidez berri eman duenez.
Patruila batek aurkitu du autoa NA-1001 errepidearen eta A-1 autobideko 405 irteeraren arteko bidegurutzean, Gasteizko noranzkoan. Ibilgailuak guardia zibilen arreta piztu du eta Polizia Judizialari abisua eman diete.
Polizia Judizialak ibilgailua miatu du eta bertan 9 droga fardel eta hainbat matrikula faltsu aurkitu ditu.
Guardia Zibilaren esanetan, nazioarteko droga trafikorako erabiltzen zen autoa "Go Fast" teknika baliatuta; hau da, Iberiar Penintsularen hegoaldean droga kantitate handiak sartzen zituzten ibilgailu batean, gero, Europa iparraldera eramateko.