Gizartea -
Erasoa
Gizon bat sastatu du Bilbon eta lapurtutako auto batean ihes egin du
Gerrialdean du zauria biktimak eta ospitaleratu egin dute. Erasotzailea, bestalde, Torrelavegan atxilotu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
37 urteko gizonezko batek ostalari bat sastatu du larunbat gauean Bilboko Galerias Urquijo inguruan eta auto bat lapurtu ostean Kantabriara ihes egin du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez.
Erasoa 21:15ean gertatu da, oraindik argitu gabeko arrazoiak tarteko. Antza denez, bi gizonezkok eztabaida bat izan dute Galerias Urquijo inguruko taberna baten kanpoaldean eta erasotzaileak arma zuri batekin eraso egin dio biktimari.
Horren ondotik, erasotzaileak Kantabriara ihes egin du lapurtutako auto batean. Guardia Zibilak atxilotu du gizonezkoa 00:15ak aldera Torrelavegan eta, ondoren, Ertzaintzaren esku utzi du.
Atxilotuak aurrekariak ditu.
Bestalde, biktimak zauria du gerrialdean eta Gurutzetako ospitalera eraman dute.