Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Lau urteko zigorra Caparroson 15 urteko neskatoa bortxatzeagatik
Alkoholaren eragina aringarri gisa hartu du auzitegiak, horrek “nabarmen” kaltetu zuelako akusatua.
agentziak | erredakzioa
Caparrosoko (Nafarroa) 21 urteko gizonezko bati 4 urteko kartzela-zigorra jarri diote 2013ko abenduaren 29an, Caparroson bertan, 15 urteko neskato bat bortxatzeagatik.
Ebazpenean agertzen denez, Nafarroako Auzitegiak onartu egin du alkohola edan izanaren aringarria, akusatuaren jokabidea "nabarmen" kaltetu zuelakoan.
Era berean, auzipetuak 12.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, eta ezingo du neskarengandik 500 metro baino gertuago egon datozen 9 urteetan.
Bortxaketa gauean izan zen, Ekuadorren jaiotako gizona adingabearen etxera joan zen, harreman bat izan baitzuten lehenago, eta "gauza bat" esan behar ziolakoan, jaisteko eskatu zion. Hala, neskak esan zion ateraino jaitsiko zela, baino ezin zuela atera. Orduan, gizonak neskatoa heldu eta bere etxera eraman zuen.
Han, bortxatu egin zuen "indarkeria erabilita". "Datu objektiboek agerian uzten dute sexu-harremanak indarkeriaren bitartez lortu zituela" gizonak, dio ebazpenak.
Auzitegiaren arabera, sexu-eraso delitua egin zuen gizonak, baina lesioak eragiteagatik ez du zigortu, "sexu-erasoarekin zuzenean lotuta daudelako, eta ez direlako plus bat delituan".