Gizartea -
Osasuna
Pertsona bat legionelaz kutsatu da Iruñean
Legionella pneumophila bakterioaren anduia Gartzia Naiarakoaren pasealekuko etxebizitza bateko ur beroaren zirkuituan atzeman dute teknikariek.
Agentziak | Erredakzioa
58 urteko pertsona bat legionelaz kutsatu da Iruñean, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez. Anduia Gartzia Naiarakoaren pasealekuko etxebizitza bateko ur beroaren zirkuituan atzeman dute teknikariek.
Ekainaren 11n legionela kasu baten berri eman zuen Osasun Departamentuko Epidemiologia Zerbitzuak. Legionella pneumophila bakterioaren anduia etxebizitzako ur beroaren zirkuituan atzeman zuten, kontzentrazio handian.
Horren aurrean, kasu horietarako protokoloa abiatu zuten. Horrela, ur zirkuituaren tenperatura igoko dute purga eta garbiketa bat egiteko, sistema guztia desinfektatzeko helburuarekin.
Etxe horretako ur beroaren instalazioan probak egingo dituzte, eta 15 egunetan jarraian negatibo eman beharko du garbiketa amaitutzat emateko.
Agerraldiak ezinegona sortu du eraikineko bizilagunen artean. Horregatik, gertakariaren inguruko xehetasunak azaltzeko, bilera deitu du Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak.