Gizartea -
Gipuzkoa
Lasarte-Oriako familia baten etxegabetzea gelditzea lortu dute
Bankinterrek jakinarazi du biharko aurreikusita zegoen enkantea bertan behera utzi duela, eta kuota murritzagoa jarriko diola familiari datozen hiru urteetan.
agentziak | erredakzioa
Stop Kaleratzeak plataformak iragarri duenez, hiru seme-alaba dituen Lasarte-Oriako familia baten etxegabetzea bertan behera geratu da, Jesus Zaballos alkatearen laguntzarekin.
Plataformak azaldu duenez, Bankinterrek jakinarazi du biharko aurreikusita zegoen enkantea bertan behera utzi duela, eta kuota murritzagoa jarriko diola familiari datozen hiru urteetan, familiak etxebizitzan jarraitzeko aukera izan dezan.
Aipatu iturriaren arabera, Susanak eta Juan Carlosek, hipotekatutako pisuaren jabeek, enkantearen data jarrita zegoenean jo zuten plataformara.
Stop Kaleratzeak elkarteak esan du banketxearekin eta Lasarte-Oriako alkatearekin jarri zela harremanetan, enkantea gelditzeko eta familiari beste aukera bat emateko bitartekari lanak egin zitzan.
PSE-EEk, EH Bilduk, Ezker Anitzak, Equok eta Ahal Duguk etxegabetzeen eta pobreziaren kontrako dekalogoa sinatu dute, eta udalen bitartez banketxeekin bitartekari lanak egiteko eta "etxegabetzerik gabeko" herriak izateko konpromisoa hartu dute.