Gizartea -
Polizia-operazioa
Estankotan lapurtzen zuen talde bat desegin dute Bizkaian
Talde osatzen zuten hiru laguneri Gasteizen, Errioxan, Nafarroan eta Burgosen izandako hainbat lapurreta leporatu dizkiete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dendetan, tabako-dendetan batez ere, lapurtzen zuen gaizkile-talde bat desegin du aste honetan Ertzaintzak, Polizia Autonomikoak jakitera eman duenez.
Taldea osatzen zuten hiru laguneri Gasteizen izandako hiru lapurreta, eta Errioxan, Nafarroan eta Burgosen izandako beste sei lapurreta leporatu dizkiete.
Taldeak lapurtutako ibilgailuak erabiltzen zituen estankoetara joateko eta lapurreta egiteko. Ateko dendak mazoekin apurtuta, ostutakoa Sopuertako (Bizkaia) garaje batera eramaten zuten.
Gaizkileak joan den ekainaren 23an atxilotu dituzte, Gasteizko estanko batean beste lapurreta bat egin ostean, abian jarritako zaintza- eta jarraipen-operatibo bati esker.
Ibilgailu batean zihoazela, Ertzaintzak susmagarriak aurkitu ditu, eta horien atzetik joan da, Sopuertako garaje bateraino, hain zuzen ere. Atxilotuak agenteak autoarekin harrapatzen saiatu dira.
Garajea miatzerakoan, ekainaren hasieran Bilbon lapurtutako eta hainbat lapurretarekin lotutako ibilgailu bat aurkitu du Ertzaintzak. Auto horrek matrikula faltsua zuen, horren identifikazioa zailtzeko asmoz.
Tabako-kutxatilak, mazoak, palankatxoak eta ibilgailuak martxan jartzeko gailuak aurkitu dituzte bertan, baita gaizkileen identifikazioa oztopatzeko arropak ere.
Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen joan den maiatzean, hainbat estankotan izandako lapurreten berri izan zuenean. Ikerketa hiru lagunen gainean zentratu zuten, aurrekari polizial ugari zituztelako, eta lapur-talde ezagun bateko kideak zirelako.
21, 26 eta 30 urteko atxilotuak epailearen aurrera eraman zuten atzo, eta epaileak aginduta, espetxeratu egin dituzte.