Gizartea -
Lesakan (Nafarroa)
Larri dago konorterik gabe aurkitutako 18 urteko txirrindulari bat
Gazteak erorikoa izan du, eta konorterik gabe aurkitu dute hainbat oinezkok Irisarri Land abentura-parkearen sarreretan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
18 urteko txirrindulari batek zauri larriak ditu, zenbait herritarrek Irisarri Land abentura-parkearen sarreretan konorterik gabe aurkitu ostean, Lesakan. Dirudienez, gaztea bakarrik zihoan, eta ezagutzen ez diren arrazoiengatik, bizikletatik erori egin da, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Ezbeharra 17:05ean jazo da, parke horretako sarreretan zebilen hainbat oinezkok gaztea konorterik galduta aurkitu dutenean, bizikletaren ondoan. Gazteak traumatismoa du buruan.
Guardian zegoen mediku bat eta OLT bat bertaratu dira, anbulantzia batekin batera, baina gaztearen egoera ikusita, helikoptero medikalizatu bat mobilizatu dute, eta Nafarroako Ospitalera eraman dute, Iruñera.
Foru Poliziak izapideen ardura bere gain hartu du.