Gizartea -
Eguneko lerroburuak
Greziako 'corralito'a eta Mikel Urrutikoetxearen txapela, albiste
Egunari heldu aurretik irakurri behar dituzun bost albisteak.
MANU GIMENEZ | EITB.EUS
'Corralito'a Grezian
Greziako Gobernuak corralito-a ezarri du: bankuak itxita izango dira gaurtik uztailaren 6a arte, eta herritarrek egunean 60 euro baino ezingo dituzte atera gehienez kutxazainetatik. Atenasko Burtsa ere itxita egongo da, gutxienez astebete.
Atentatua Tunisian
Salafisten esku dauden ehun bat meskita ixtea erabaki du Tunisiako Gobernuak, Susako hondartza batean, Tunisian, ostiralean izandako atentatuaren ostean.
Aste garrantzitsua Nafarroako Gobernu berriarentzat
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra alderdietako ordezkariek bilerak egin dituzte Nafarroako Gobernua osatzeko akordio baten bila. Azken egunotan asko aurreratu dutela eta itun programatikoa ixtear dutela esan dute alderdiotako ordezkariek. Dena dela, hasierako asmoa gobernua Sanferminetarako osatzea baldin bazen ere, uste baino gehiago luzatzen ari dira, eta, ondo bidean, festak igarota, uztailaren 20ko astean osatuko dute Nafarroako Gobernua.
Mikel Urrutikoetxeak eraman du txapela
Mikel Urrutikoetxea Zaratamoko pilotariak ezustekoa eman du Olaizola II.ari 22 eta 19 irabazita. Sekulako finala jokatu dute biek, eta historikoa, 38 urte baitira bizkaitar batek txapela azkenengoz jantzi zuenetik.
Beroaldia
Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du muturreko tenperatura altuengatik, eta alerta laranja aktibatuko du asteartean eta asteazkenean Euskal Autonomia Erkidegoan 40 gradu baino gehiagoko tenperaturak izango direla ikusita. Gainera, Aemetek abisu horia ezarri du Nafarroan igandean eta astelehenean.
Jaurlaritzak hainbat gomendio eta jarraibide eman ditu, bero handia denean aintzat hartzeko.