Gizartea -

Lakuako auzoan

Arabako 70 familiari arreta emango die familia elkargune berriak

Eusko Jaurlaritzaren doako zerbitzu hori erabiltzen duten familien % 96,86k seme-alaben trukea egiteko eta/edo epaitegiek agindutako tutoretzapeko bisitetarako erabiltzen dute.

Egoitza berria Araban bertako 70 familia artatzeko

01:30

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak familia elkargune berri bat jarri du abian Gasteizen, Arabako Epaitegiek deribatutako 70 familiari arreta emateko.

2014ko datuen arabera, Eusko Jaurlaritzaren doako zerbitzu hori erabiltzen duten familien % 96,86k seme-alaben trukea egiteko eta/edo epaitegiek agindutako tutoretzapeko bisitetarako erabiltzen dute.  Gehienak, % 88,6, familia-epaitegietatik eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegietatik datozen familia-gatazkak dira, eta % 35,68k urrutiratzeko edo babesteko agindua dute.

Arreta emandako adingabe gehienak 3 eta 11 urte artekoak dira; horien tutoreek, berriz, 35 eta 44 urte bitartean dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak, Justiziako sailburuorde Ana Agirrek eta Justiziako zuzendari Manuel Valinek bisitatu dituzte gaur Gasteizko familia-elkargune berriaren instalazioak, Lakuako auzoan.

Gasteizko instalazio berri horiek espazio neutrala dira gurasoek eta tutoreek, epaileak aginduta, seme-alabak trukatu eta/edo bisitatu ahal izan ditzaten, adingabeek ahalik eta segurtasun-berme handienak edukita. Kasu horietan familia-nukleoa hautsi eta ez da adostasunik egon edota gatazka edo tratu txarrak egon dira, Erkorekak azaldu duenez.

Eusko Jaurlaritzak abian jarritako doako espazio horri esker ahalik eta giro onenean egin dezakete, lantalde psikosozial aditu batek lagunduta eta adingabeen interesa babestuta.

Familia-elkargune horrek 214.913,71 euroko inbertsioa ekarri du, eta uztailaren 27tik aurrera (astelehena) hasiko da lanean. Epaitegiek eta auzitegiek deribatutako Arabako 70 familiari emango die estaldura.

Familien ongizaterako beharrezkoa den ekipamendurik modernoenaz hornituta dago, bideo-zaintzako sistema batez barne, horrela eskatzen duten egoeretan, tutoretzapeko bisitetan adibidez, kontrola eta segurtasuna handitu ahal izateko. Lokalak sartzeko bi ate bereizi ere baditu; hala bada, batetik ezin da bestea ikusi eta alderantziz. Hobekuntza horrek arrisku-egoerak saihesten laguntzen ez ezik, erabiltzaileen segurtasuna bermatu ere egiten du, batez ere urrutiratzeko edo babesteko aginduak dauden kasuetan.

Bost Familia Elkargune EAEn

Eusko Jaurlaritzak familien esku bost Familia Elkargune jartzen ditu Euskadin, epailearen aginduz erabili beharrekoak: Araba (Gasteizen), Gipuzkoa (Donostian), Portugalete/Zalla (egoitza bikoitza), Barakaldo eta Bilbo.

Eusko Jaurlaritzak 820 familiari eta 1.087 adingaberi (542 mutil eta 545 neska) eman zien arreta 2014an, gehienei Bilboko familia-elkargunean. Familia gehienek, kasuen % 96,86an, familia-elkargunea trukeak (% 57,66) eta tutoretzapeko bisitak (% 39,20) egiteko erabili zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea