Gizartea -
Gertakaria Gipuzkoan
Ertzaintza gizon baten heriotza ikertzen ari da Lezon
34 urteko gizon bat hil zen iragan ostegunean. Etxebizitzan droga aurkitu zuten. Haxixa, kokaina eta ustez PMMA diren 239 pilula topatu zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
Errenteriako Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du 34 urteko gizon baten heriotza argitzeko. Gizona iragan ostegunean hil zen, Lezon (Gipuzkoa). Droga atzeman zuten ertzainek. Etxebizitzan haxixa, kokaina eta ustez PMMA diren 239 pilula topatu zituzten.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, azken droga hori oso toxikoa da eta Ertzaintzak dagoeneko apirilean arriskuaz ohartarazi zuen; izan ere, aurreneko dosiak Santurtzin atzeman zituzten. 21 urteko gazte bati droga-trafikoa leporatu dio Ertzaintzak. Inputatua hildakoaren pisu-kidea da.
Gizona 16:00ak aldera hil zen iragan ostegunean, Lezoko etxebizitzan. Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren SOS Deiaken abisua jaso ondoren. Gizon bat larri zegoela azaldu zieten. Biktima suspertzen saiatu ziren, baina osasun-langileek heriotza baieztatu behar izan zuten.
Kilo erdi haxix, 200 gramo kokaina eta arrosa koloreko 239 pilula atzeman zituen Ertzaintzak. Superman pilulak izan daitezke ?S? marka baitzuten.
Oso droga arriskutsua
Azterketa kimiko baten faltan, pilulak PMMA direla ematen du. Oso droga arriskutsua da; izan ere, heriotza batzuk eragin ditu Europan dagoeneko. Gainera, tokian doitasun-balantza bat, jaurtigairik gabeko pistola bat eta dirua topatu zituzten.
Substantziak atzeman zituen eta 21 urteko gazteari droga-trafikoa inputatu zion Ertzaintzak.
Donostiako guardiako epaitegia jakinaren gainean jarri zuen Ertzaintzak. Heriotza argitzeko eta drogaren jatorria zehazteko ikerketa zabaldu du EAEko Poliziak. Antza denez, droga herriko jaietan saldu behar zuten, merkatu beltzean.
Gizonaren gorpua Donostiako Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman zuten eta autopsia egin zioten bertan. Bestalde, droga Estatuko Osasun zerbitzuek aztertuko dute, ohiko prozedurari jarraikiz.