Gizartea -
Indarkeria sexista
Emaztea hil eta bere buruaz beste egin du gizon batek Malagan
Salaketarik ez zegoen arren, aurretik tratu txarrak izan direla aurreratu dute ikerketaren iturriek. Tratu txarren kontrako telefonoa: 016.
Agentziak | Erredakzioa
60 urteko emakume baten eta 58 urteko gizon baten gorpuak topatu dituzte Mollinako (Malaga) etxebizitza batean, ikerketaren iturriek jakinarazi dutenez.
Emakumearen gorpuak hil duten zantzuak ditu eta itxura guztien arabera, gizonak bere buruaz beste egin du, iturrion arabera.
Gizonaren kontrako salaketarik ez badago ere, emakumeak tratu txarrak jasan zituen frogak omen daude, ikerketaren ardura duten lagunen arabera.
Guardia Zibilak hartu du auzia ikertzeko ardura eta sekretupean ipini du.
Andaluziako Emakumearen Institutuko iturriek jakinarazi dutenez, Antequerako emakumearen arretarako zentrora jo zuen emakumeak 2012an, baina ez zuen salaketarik jarri.
Indarkeria matxistaren kasu bat dela baieztatzen bada, Andaluzian 2015ean hil duten bosgarren emakumea da Mollinakoa. Hain justu, Andaluziako Gobernuaren Emakumearen Institutuak "hilketa matxista" gaitzetsi du.
Ohar batean inplikazioa eskatu die herritarrei eta emakumeen kontrako tratu txar oro salatzeko galdegin die. Emakumeei "bakarrik" ez daudela jakinarazi die, eta administrazioak indarkeria mota hau amaitzeko baliabideak jarriko dituela nabarmendu du.
2015eko beste hilabeteekin alderatuta, indarkeria matxistagatik hildako emakume kopuru handiena duena da uztaila (15 egun baino ez dira igaro). Bost emakume hil dira, 2015ean hil dituzten emakume guztien ia laurdena.
---------
Tratu txarrak jasan badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, jarrai itzazu gida honetako gomendioak edo deitu 016 telefonora (doan da eta ez du telefono fakturan arrastorik uzten).