Gizartea -
Beroaldia Europan
Beroaldiak 700 hildako inguru eragin ditu Frantzian
Halaber, izugarri igo da larrialdi zerbitzuetan artatu dituzten pertsonen kopurua. Frantziako Gobernuak plan berezia ezarri du beroagatik ekainaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
700 lagun inguru hil ziren Frantzian ekainaren 29tik uztailaren 5era bitartean beroagatik, Frantziako Gobernuak jakitera eman duenez. Hollanderen Gobernuaren esanetan, azken asteetan herrialdea jasaten ari den beroaldiaren ondorio dira hildako horiek.
Marisol Touraine Frantziako Osasun ministroak prentsaurrekoa eskaini du azken asteotako beroaldiari buruzko balantzea egiteko. Frantziako Gobernuak plan berezia ezarri du beroagatik ekainaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean.
Gobernuak emandako datuen arabera, hilkortasun-tasa % 7 igo zen ekainaren 29tik uztailaren 5era bitartean bero handia egin ez zuen aste bateko datuekin alderatuta. Le Figaro egunkariak kaleratu duenez, orotara 700 pertsona gehiago hil dira herrialdean.
Halaber, izugarri igo da larrialdi zerbitzuetan artatu dituzten pertsonen kopurua. Ekainaren 29tik uztailaren 5era bitartean 3.500 lagun joan dira larrialdi zerbitzuetara, berorik egin ez duen aste batean baino hiru aldiz gehiago. SOS Medecins elkartean hamar aldiz kontsulta gehiago jaso dituzte beroaren eraginez.