Gizartea -

Gipuzkoa

Gizon bat atxilotu dute Hernanin 12 pertsona lanean esplotatzeagatik

Biktima gehienak gatazka armatuak bizi dituzten herrialdeetatik etorritakoak dira; astelehenetik larunbatera egiten zuen lan 500-600 euroren truke, osasun-baldintza txarretan.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hernaniko (Gipuzkoa) ertzain-etxeko agenteek gizon bat atxilotu dute langileen eskubideen kontrako delitua egotzita, haren agintepean lan egiten zuen 12 pertsonako talde baten jardueraren berri izan eta gero; izan ere, Hernaniko garaje batean aritzen ziren, kontraturik gabe eta osasun-baldintza txarretan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, aurreko ekainean, Ertzaintzaren Hernaniko Ikerketa Unitateak pertsona talde bat garaje batean lanean ari zela jakin zuen. Legez kanpo ari zirelakoan, agenteek ikerketa abiarazi zuten.

Uztailaren 14an, ertzainak Eusko Jaurlaritzako Enplegu Saileko ikuskari batekin batera garajean sartu ziren, eta bederatzi lagun harrapatu zituzten lanean, kautxuarekin, baina lan egiteko 13 leku zeuden. Konprobatu ahal izan zutenez, langileek bertan jaten zuten eta baldintzak osasunarentzat kaltegarriak ziren.

Langileek ez zuten inolako lan-kontraturik eta ez zeuden Gizarte Segurantzan alta emanda. 500-600 euro jasotzen zituzten hilean, astelehenetik larunbatera lan egiteagatik, eta denak behar handiko egoeran zeuden. Gainera, gehienak gatazka armatuak bizi dituzten herrialdeetatik etorritakoak dira, esaterako, Ukrainatik.

Atzo goizean atxilotu zuten Hernanin taldearen burua. 46 urteko gizon bat da, eta, antza denez, Gipuzkoako bi enpresetan eta Nafarroako enpresa batean topatzen zuen lana bere kargupean zeuden langileentzat. Atxilotutakoa epailearen aurrean igaro zen atzo bertan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Hernani bideoak Lana albisteak