Gizartea -
Ekimena
Balmasedak Enplegu-Planeko 11 lanpostu zozkatu ditu
Isaac Fernandez Enplegu zinegotziak azaldu duenez, zozketan parte hartzeko baldintza jakin batzuk bete behar ziren. Udalak eta Lanbidek prozesua koordinatu dute.
Erredakzioa
Balmasedak (Bizkaia) zozketa egin du ostegun goizean, bere Enplegu-Planeko 11 lanpostu esleitzeko. eitb.eus-i egindako adierazpenetan, Isaac Fernandez Enplegu zinegotziak baieztatu du, alde batetik, zozketan 200 bat lagunek hartu dutela parte, eta, bestalde, zozketak aldez aurreko prozesua izan duela, bertan parte hartu dutenak zehazte aldera.
Fernandezek azaldu du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Balmasedako Udalak koordinatu dutela, aldez aurretik, prozesu osoa: "Kontuan izan dugu ehuneko jakin batzuk bete behar genituela, alegia, emakumeena, 55 urte baino gehiagoko hautagaiena, eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren titularrena", zehaztu du. Hautagaiak euren hautagaitza aurkeztuta, datuak alderatu dituzte erakundeek, eta, azkenean, zerrenda ofiziala argitaratu zuten.
Lanpostuak sei hilabeterakoak dira, eta Balmasedako Udalak beste hiru lanpostu zozkatuko ditu, uda amaituta. Isaac Fernandezek nabarmendu du ekimenak harrera izan duela eta poz handiz hartu dutela, zorte ona izan dutenek, lanpostua izatea.